GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Menpekoak baina askeak diren loreak

Badaukat lagun bat itsasoari begira jartzen den bakoitzean, hutsik egin gabe, «hor egon behar du marrazoren bat» esaten duena. Horrenbestetan esan du, itsasora gerturatzerako ni ere zain jartzen naizela «esango du, esango du ba...». Pentsatu eta esan.

Pareko zerbait gertatzen zait niri haurrak ikusten ditudan bakoitzean: «Zertan pentsatzen ari ote da?», galdetzen diot neure buruari, «zer ote du irribarretxo horren atzean?». Jakin-mina daukat «kutsatu» gabeko pentsakizun horiek ezagutzeko. Hotzaldirik eta eguzkialdi gogorrik jasan gabeko loreen pareko sentitzen ditut haurrak, «ahul» eta menpekoak eta, aldi berean, indartsu eta askeak. Libreak baino oraindik ondo lotu gabeak akaso, «zaildu edo txartu gabeak».

Pasa den astean parean jarri gabe etorri zaizkit burura, ordea. Iruñeko epaitegian Nagore Laffage gaztearen heriotza argitzeko epaiketaren gaineko berriak ikustean gogoratu nintzen eurez, autopsiaren gorabeherak azaldu zituztenean, akusatuaren hitzak entzun nituenean, Nagoreren amak hunkitu ninduenean. Imajinatzen al duzue, alboan jarri eta «zer gertatu da neska horrekin?» galdegiten dizula bost urteko neska edota mutiko batek begietara begira.

Noski, irtenbideetako bat «ez dakit» esatea da, baina helduak dantzan jartzen iaoak diren horiek ez dira asebetetzen errazak eta guraso direnek ondo dakite hori, hala diote behintzat. Baina nola azaldu apenas ulertzerik ez dagoena haur bati? Nola esan goxo orain negar zotinka agertzen den mutilak neska akabatu zuela hark adorea izan eta kitto esan ziolako? Nola hitz egin ulergaitzaren ulergaitzaz jakin dakigunean galdera zaparrada datorkigula atzetik eta ez dugula horiei emateko erantzunik?

Finean, nola esan «zu babesten gabiltza, baina berandu baino lehen zu zeu jarriko zara errealitate horrekin parez pare»; nola kontatu gainera errealitate gogor horren erantzule geu ere bagarela; nola ulertarazi Maitane txikiari bere lehengusu Jonek baino oztopo gehiago izango dituela? Nola azaldu hori guztia «loretxoa» zapuztu gabe?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo