GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Ligaxkan irabazten hasteak ez du finala jokatzea ziurtatzen

Azken lau urteetan aurreneko jardunaldian garaile izandako bi pilotaritatik bat finaletik kanpo geratu da. Retegik, 13 tanto bakarrik eginda, zail du sailkatzea.

p039_f01_444x444.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Sekulako ezustekorik izan ez bada ere, Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietako ligaxkak kontu interesgarri dezente utzi ditu. Alde batetik, Gonzalezek katedraren pronostikoa hautsi zuen Zarautzen Irujori irabazita. Bestetik, Titinek markagailuan alde handiarekin menderatu zuen Retegi Eibarren. Baina bi irabazleek finalean egoteko urrats garrantzitsua eman badute ere, azken urteetako estatistikek argi uzten dute lehen neurketa irabazteak ez duela ziurtatzen final handirako txartela. Datu argigarri bat: azken lau urteetan, aurreneko partida irabazi duen bi pilotaritatik bat finaletik kanpo gelditu da.

Urtez urteko errepasoa egiten hasita, iaz Barriola eta Olaizola II.a izan ziren aurreneko jardunaldian garaile irten zirenak. Baina Abeli oso garesti kosta zitzaion galdutako norgehiagoka bakarrean 11 tanto besterik ez egitea, eta azkenean Irujo sartu zen finalean Leitzakoaren ordez.

Urtebete lehenago ere, 2007an, Barriola eta Olaizola II.a hasi ziren ligaxkan irabazten. Baina orduan Aimar izan zen hurrengo bi partidak galdu eta finalari agur esan behar izan ziona Titin errioxarraren mesedetan. 2006ko txapelketan ere horixe gertatu zitzaion goizuetarrari. Finalerdiak irabazten hasi arren, finalik gabe gelditu zen, eta kontrakoa egin zuen Barriolak: aurrenekoa galdu eta beste biak irabazi.

2005ean, azkenik, Patxi Ruiz izan zen aztertzen ari garen estatistika bere larruan sufritu zuena. Lizarrako atzelariak 22 eta 21 irabazi zuen aurreneko partida Aimar Olaizolaren kontra. Baina hurrengo bi partidak galdu egin zituen eta sailkapena lortzeko aukerarik gabe gelditu zen. Kasu honetan, Olaizola bera izan zen azkenean finala jokatu zuena aurreneko partida hori galdu egin zuen arren.

Hala ere, eta zenbakiek diotena behar bezala errespetatzeko, aipatu beharra dago Lau eta Erdikoan ligaxka sistema ezarri ondorengo aurreneko hiru ekitaldietan, lehen jardunaldiko bi irabazleek jokatu zutela finala. 2002an, Barriola eta Olaizola II.a sailkatu ziren; 2003an, Nagore eta Titin; eta 2004an, berriz ere Olaizola II.a eta Barriola.

Markagailuaren garrantzia

Kontuan hartu beharreko beste faktore bat galdutako partidetan egiten den tanto kopurua da. Beste bi partidak irabaziz gero, dena ahaztuko den arren, Julen Retegik oso zail du sailkapena Titinen aurka 13 tanto bakarrik egin zituelako. Ligaxka erabili den zazpi ekitaldietan bi aldiz bakarrik lortu du finalerako sailkapena partidaren batean 13 tanto baino gutxiago egin duen pilotariak. 2004an Barriolak (22-9 galdu arren) eta 2005ean Xalak (22-12 bat jasota) finalean sartzea lortu zuten.

 
El Labrit y el Astelena acogerán la segunda jornada de las semifinales

Ya se conocen las sedes que acogerán la segunda jornada de la liguilla de semifinales. Martínez de Irujo y Julen Retegi se enfrentarán en el Labrit de Iruñea el sábado por la tarde. El festival comenzará a las 16.45, el de la jaula será el tercer partido y se podrá ver en directo en la CAV por Telecinco y en Nafarroa por el Canal 4 de la TDT. El otro partido, el que enfrentará a Titín III y Sebas Gonzalez, se jugará en el frontón Astelena de Eibar el domingo por la tarde. Como es habitual, el festival comenzará a las 17.00 y lo televisará ETB. Dependiendo del resultado del sábado, el domingo podría haber ya un clasificado para la final.A. AIESTARAN

lesioa

Bigarren Mailako Txapelketaren final-laurdenak ezbehar batekin amaitu ziren atzo Tolosan. Jon Apezetxeak min hartu zuen ezker sorbaldan Aratz Mendizabalen aurka 2-0 galtzen ari zenean, eta lehiaketari agur esan behar izan dio.

FINALERDIAK

Zilarrezko mailan ere finalerdietako ligaxka erabakita geratu da, beraz, asteburu honetan. Urrutikoetxea, Argote, Merino eta Mendizabal izango dira nor baino nor arituko direnak, hurrenez hurren, Ibai Perez, Cabrerizo, Belloso eta Apezetxea kanporatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo