GARA > Idatzia > Ekonomia

Jasoko enpresa batzordeak gogor salatu du 161 langile kaleratzeko erabakia

Enplegua erregulatzeko txostena aurkeztu du zuzendaritzak Madrilen. 161 langile horietatik 123 Goierriko lantegietakoak dira. Enpresa batzordeak ez duela kaleratzerik onartuko esan du, eta irtenbideak eskatu ditu.

Amaia ZURUTUZA | BEASAIN

Gruas de Obras eta Gruas Jaso lantegietako enpresa batzordeak zuzendaritzak aurkeztu berri duen enplegua erregulatzeko txostenaren aurrean lantegiotako langileen haserrea azaldu zuen atzo prentsa agerraldian. 161 pertsona kaleratu nahi ditu zuzendaritzak eta horretarako txostena aurkeztu du Madrilgo Lan Ordezkaritzan.

Txostena Madrilen aurkeztu izana gogor salatu zuten langileek. Izan ere, 161 langile horietatik 123 Goierriko Idiazabalgo (92) eta Olaberriko (31) lantegietakoak dira. Gainerako 38ak taldeak Estatu espainolean dituen hainbat lantegitakoak dira. Beraz, kaleratu nahi dituzten langileen %76 Gipuzkoako lantegietakoak direnez, herrialde honetako Lan Ordezkaritzari erantzukizuna bere gain hartzeko exijitu zioten. Era berean, «agian» enpresarentzat txostena langile eta lantegietatik urrun negoziatzea «erosoagoa» dela esan zuten.

Azpikontratazioak

Jaso taldeko zuzendaritzak 161 lanpostu suntsituz etorkizunean zer-nolako enpresa mota sortu nahi duen galdetu zuten langileek: «Bulego tekniko bat produkzioa azpikontratatuz?». Izan ere, enpresak oraindik lantegian egin daitezkeen hainbat lan azpikontratatzen jarraitzen duela azaldu zuten.

Txostena aurkeztu aurretik enpresak hitzez adierazi zien negoziaziorako borondatea ezerezean geratu dela salatu zuten, eta kaleratzerik ez dutela onartzen azaldu zuten. Horren ordez, borondatezko bajaren eta aurretiko erretiroaren aukerak aztertzeko eskatu zuten. Zuzendaritzak kaleratzeak egiteko aurkeztu duen kalte-ordain proposamena ere ez dute onartzen, eta Gipuzkoako hitzarmenak ezartzen duen gutxienekoa behintzat eskatzen dute, lan egindako urte bakoitzeko 48 egun eta 18 hilabeteko soldata, hain zuzen ere.

Borrokarako eta mobilizaziorako prest daudela gaineratu zuten langileek, eta lanpostuen defentsan kalera aterako direla iragarri zuten. Hasteko, azaroaren 20rako manifestazioa antolatu dute, Beasaingo tren geltokitik hasita.

«Gure asmo on guztiarekin aurkeztu dugu txostena»

Jaso enpresako arduradunek txostena aurkezteko arrazoiak azaldu nahi izan zizkioten atzo GARAri. Hala, enpresako iturrien arabera «oso zaila» izan da 161 kaleratze jasotzen dituen enplegua erregulatzeko txostena aurkezteko erabakia hartzea, «gure langileez hitz egiten ari garelako, eta gure akziodunez eta jabeez».

Hala ere, esan zutenez, enpresa txikiagotu egin behar dute, «egungo eskariak eta etorkizunekoak» horretara behartuta: «Gure asmo on guztiarekin aurkeztu dugu txostena, derrigorrezkoa zen, bideragarritasun plana aplikatzea ezinbestekoa delako».

Jasok ehuneko ehunean eraikuntza alorrean lan egiten duela azaldu zuten, eta azken lau urteetan fabrikaturiko unitateak %96 murriztu direla eta fakturazio bidezko diru sarrerek %75,5ko beherakada izan dutela.

Enpresa batzordearekin negoziatzen jarraitzeko borondatea dutela adierazi zuten, langileen eskubidea delako, «zoritxarrez joan beharko direnena, baita geldituko direnena ere», «zentzuzko akordioa» lor dadila. «Denok pentsatu behar dugu gelditzen direnek etorkizuna duen enpresa batean gelditu behar dutela, hori funtsezkoa da», adierazi zuten.A.Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo