GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Euskal Herriko Txapelketa

Barberenaren faltan, hamaika neurtuko dira kanporaketan

Beruetekoak txapelketak uztea erabaki du, adinean aurrera doalako. Aurreneko seiak finalera sailkatuko dira, eta azken sailkatuak, berriz, maila galduko du.

p047_f01.jpg

Jon LEUNDA

Inoiz baino beranduago, baina badator aizkolaritzak urtean zehar duen egunik handienetakoa. Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa igandean jokatuko da Asteasun, eta abenduaren 20an, berriz, finala izango da Arbizun.

Atzo aurkeztu zuten txapelketa Asteasun, igandean kanporaketa jokatuko den herrian. Aurtengoan, hamabi izan beharrean hamaika izango dira lehiatuko diren aizkolariak, Joxejuan Barberenak uko egin baitio parte hartzeari. Adinean aurrera doala-eta, lehiaketak alde batera uzteko tenorea iritsi dela pentsatu du nafarrak.

Honek bi ondorio izango ditu. Alde batetik, hamabi aizkolari izatetik hamaika izatera pasatuko dira, eta bestetik maila galduko duen aizkolaria bakar bat baino ez da izango aurten.

Nazabal, Senosiain I.a, Senosiain II.a, Txapartegi, Lopez, Mujika, Azurmendi, Otaegi, Olasagasti, Zubiaga eta Vicente izango dira kanporaketa honetan. Aizkolari bakoitzak finalean egin beharreko lanen erdia egin beharko du. Bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Lehenengo seiek lortuko dute finala jokatzeko txartela.

Kanporaketako antolakuntza elkarlanean egin zutela ohartarazi zuen Aitor Esnaolak, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidenteak, izan ere horretan aritu baitira Euskadiko Federazioa, Asteasuko Udala, eta bertako kirol taldea. «Kanporaketa hau hemen izateko proposamena egin zigutenean, azkar esan genuen baietz. Urtean zehar kirol ekitaldi ugari antolatzen ditugu, eta uste dut honelako ekitaldi bat garrantzitsua dela, bai herriarentzat eta bai inguruko herrientzat ere», esan zuen Iñaki Amenabarrek, Asteasuko alkateak.

«Ez da garairik onena honelako gauzak antolatzeko, krisia nabaria baita, baina inguruko enpresak berehala jarri dira laguntzen, eta aurrekontuarekin ez dugu uste arazorik izango dugunik. Garai hauetarako 6.000 euroko aurrekontua handia izan daiteke, baina denen artean aurrera atera dezakegula uste dut, eta datozen urteetarako ere beste herriei animatzeko esango nieke», esan zuen Joxe Anjel Sarasolak, antolakuntzako lanetan dabilenetako batek.

Hautagaiak aipatzerakoan, denek Nazabal jotzen dute faborito, bai kanporaketa irabazteko, bai txapela janzteko. «Uste dut Nazabalekin ahaztu behar dugula. Bera beste guztiak baino koska bat gorago dago, eta gure lana egitera joan behar dugu. Nire helburua finalean sartzea izango da», esan zuen Iñaki Azurmendik. Joseba Otaegi, berriz, lehen aldiz arituko da Lehen Mailan, eta helburua mailari eustea dela esan zuen: «Aurten mailari eustea izango da helburua. Horretan saiatu behar dut», aitortu zuen. Berarekin batera, Zubiaga ere lehen aldiz arituko da maila nagusian.

Ekinaldia Asteasuko pilotalekuan izango da 17.30etik aurrera, eta sarrerak 10 euroan egongo dira salgai. Kanporaketetako marka Anjel Arrospidek dauka, eta 15 minutu eta 16 segundokoa.

Desafioa

Azken egunetan desafio hotsak handi samarrak dira, eta bada beste bat ere. Oraingoan Alex Txikonek bota dio Joseba Otaegiri, eta ez nolanahikoa gainera. Bizkaitarra prest dago hiru lanetara jokatzeko. Hasteko, 100 kiloko zilindro zaharrari 25 altxaldi eman, ondoren hamasei kana-erdiko moztu, eta azkenik zezen-plazan 8 kilometro korrika egin.

Txikon, etzi, ostirala, Azpeitian egongo da, Landeta auzoko Mendizabal jatetxean, 19.00etatik aurrera zizurkildarrari itxaroten. Atzo Otaegik GARAri esan zionez, bera bertan izango da, gutxienez hitz egiteko, eta ahal bada jokoa egiteko. Apustua egiten bada, otsail inguruan jokatzeko izango litzateke.

Asteasuko pilotalekua

Asteasuko pilotalekuan jokatuko da igandeko kanporaketa, 17.30ean hasita. Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Saioa ikusi nahi dutenek, sarrera 10 euroren truke erosi ahal izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo