GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herri galdeketan parte hartuz «agintzeko» deia egin die alkateak hernaniarrei

Egingo den udal ekipamendua hernaniarren iritziaren araberakoa izango da, eta atzo hasi ziren euren aukera boto bidez plazaratzen. Alkateak «herritarren nahia Udalarentzat agindua» dela berretsi du.

p014_f01_123x013.jpg

Oihana LLORENTE | HERNANI

Udalak lehenetsi beharreko ekipamendua zein den erabakiko duen herri kontsulta atzo abiatu zen Hernanin, eta bertako alkate Marian Beitialarrangoitiak boza eman ostean parte hartzeko deia egin zien herritarrei. Zer bozkatzen duten ez da garrantzitsua alkatearentzat, bai ordea, herritarrek erabakitzean parte hartzea eta horregatik aukera hau aprobetxatzera animatu zituen bere bizilagunak.

Atzo hasi eta igandera arte hernaniarrek udal ekipamendu beharren gainean duten iritzia plazaratu eta erabakitzeko eskubidea izango dute Biteri kultur etxean prestatutako boz ontzietan. Parte hartzea gutxienez %20koa bada, lehenetsitako azpiegitura egingarria egiteko beharrezkoak diren urratsak emango dituztela ziurtatu zuen alkateak, «hernaniarren iritzia Udalarentzat agindua» dela gaineratuta.

Aukeran dauden hiru ekipamenduen artean bere hautaketa egin ondoren komunikabideen aurrean mintzatu zen Beitialarrangoitia herri galdeketaren inguruko xehetasunak emateko.

«Hernanipolis» izenez ezagutzera eman den parte-hartze prozesua duela urtebete jarri zen abian, eta denbora tarte horretan, herritarren iritzian oinarrituta, herriak dituen ekipamendu beharren azterketa egin da. Hiru bilera irekietan Hernanik dituen ekipamendu nahien eta beharren zerrenda egin zuten eta orain, lehen hiru postuetan dauden azpiegituren artean hautatzen ari dira herritarrak.

Kultur gune berri baten, igerilekua handitzearen edota Gudarien eta Tilos plazen eraberritzearen artean aukeratu beharko dute herritarrek orain eta euren boza errazte aldera, bozkatzeko ordutegi zabala dute:astelehenetik ostiralera; 09.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 20.30era; hilaren 28an, larunbatean, 10.00etatik 13.00etara eta arratsaldean, 16.00etatik 20.00etara. Igandean izango da boza emateko azken eguna 09.00etatik 14.00etara.

30ean boto kontaketa

Udal gobernua osatzen duen taldeak ez du hiru aukera horietako baten alde egin, garrantzia emaitzak baino parte hartzeak duela nabarmentzeko. Horiek horrela, herritarrak animatu besterik ez ditu egin Beitialarrangoitiak.

Azaroaren 30ean jakingo da herritarren nahia zein den irekia izango den boto kontaketan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo