GARA > Idatzia > Kultura

Sortzaileek ere izango dute zeresana Durangoko Azokan

Euren tokia, euren «galdutako eremuak berreskuratu» nahi dituzte sortzaileek. Horretarako, iaz abiatu zen Ahotsenea ekimenari eutsi eta aurtengoan ere gune berezi bat izango dute euskara hutsean sortzen duten musikari eta idazleek. Hiru egunez, sortzaileak eta kontsumitzaileak aurrez aurre jarriko ditu Durangoko Landako gunearen kanpoaldeko karpak.
p048_f01_199x108.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Euskarazko bi hitz ederrenetakoak aukeratu genituen: `ahotsa', idatzia zein kantatua; eta, `enea', jabetza adierazten duena. Ahotsa denena izatea nahi dugu». Horrela definitu zuen atzo Ahotsenea Edorta Jimenez idazleak. 44 urte beteko ditu aurten Durangoko Azokak. Urte hauetan guztietan eraldatuz eta haziz joan da, baina bost eguneko joan-etorria bukatutakoan beti kezka bera sortzen zen sortzaileen artean. «Komunikazioan igorleak mezuak bidaltzen dituenetik kutsatu egiten da eta kezka hori geneukan, batez ere, euskaraz sortzen dugunon artean».

«Kritika iritsi zitzaigun, azken urteetan azoka komertzialegia ote zen, giro komertziala nagusitzen ote zen... Gerediaga elkartean beharrezkotzat jo genuen alderdi hori, baina baita sortzaileen presentzia bultzatu beharra ere», aitortu zuen Jon Irazabal Azokako zuzendariak. Horregatik, 42. edizioa bukatutakoan, sortzaileek euren aldetik beste pauso bat eman zuten. «Negarrak alde batera utzi eta zerbait egitea otu zitzaigun, sortzaileen gunea. Azokak egin duen ekarpena onartuz eta errespetatuz, guk beste gune bat sortu nahi genuen», gaineratu zuen Jimenezek.

Iazko arrakastari jarraiki, abenduaren 5etik 7ra arte, Landako gunearen kanpoaldean kokatutako karpa bat izango da sortzaileen eta erosleen arteko elkargunea. Bi kazetarik gidatuko dituzte solasaldi, emanaldi, kantaldi, liburu aurkezpen edota irakurraldiak. Entzuleek galderak egiteko aukera izango dute, «irakurle eta entzule aktiboen parte hartzea oso garrantzitsua izango da».

Hirurogei sortzailetik gora

Goizean 10.00etatik 14.00etara eta arratsaldean 16.00etatik 20.00etara idazleak, abeslariak, musika taldeak, editoreak, bertsolariak zein pailazoak pasako dira Ahotsenea gunetik. «Molde guztietakoak izango dira, ez dugu iragazkirik pasa». Bakoitzak ordu erdi izango du bere liburua aurkeztu, ikusleekin hitz egin edo bere kantuak zuzenean jotzeko. «Horixe bilatzen dugu, giro bat, motibo bat azokara berriro etortzeko. Izan ere, azkenean liburuak eta diskoak gero ere eros ahal baditzakezu, zertara joan?», esan zuen Jimenezek.

Helburuen artean, euskal sorkuntza ezagutzera ematea ere nahi dute ekimenaren bultzatzaileek. «Badakigu paradigma aldatu egin dela, baliabide eta euskarri berriekin, eta gure musika inguruetako herrietan egiten dena bezain aberatsa, anitza eta komertziala nahi denean, ez da ezaguna gure herrian. Eta gero eta ezezagunagoa bilakatzen ari da. Zer esan literaturaz». Azokatik harago, lanean jarraitu nahi dute gainera. «Ea Ahotsenearekin hasten garen parte hartu dugun guztiok gure literatura eta gure musika zabaltzen, galdu ditugun eremuak berreskuratzen eta gune berriak irabazten».

Euskara hutsean egingo dira ekintza guztiak eta www.ahotsenea.net/blog atarian zuzenean ikusteko aukera eskainiko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo