GARA > Idatzia > Kultura

«Iratzeen esporak» olerki bilduma haizatu berri du Igor Estankona poetak

p049_f02_088x124.jpg

A. BILBAO | BILBO

Igor Estankona (Artea, 1977) poetak «Iratzeen esporak» olerki liburua aurkeztu zuen atzo. Artearrak oso gazte zela eman zuen lehen poesia bilduma -besteak beste, Zantzoa literatur aldizkarian lantxoak egin ostean-, «Anemometroa» (Susa, 1998), eta geroztik beste bi ere atera ditu argitara, «Tundra» (Susa, 2002) eta «Ehiza eta nekea» (Kutxa, 2004). Eta lan horiei esker, olerkari garrantzitsua dugu gurean.

Susako arduradun Gorka Arreseren esanetan, «poesia lan bati ematen zaion tratua klixez betea izaten da», eta Estankonaren lana «topiko guztietatik aparte eta urrun idatzia dago». Laugarren lan honek «arreta berezi bat merezi du», Arreseren ustez, forma batzuen bukaera eta beste batzuen hasierarekin «bide baten amaiera» baitakar.

Arreseren ostean egileak berak hartu zuen hitza, aurrean zuen entzuleriari aurkezpen poetiko eder bat eskaintzeko. Besteak beste, «portu batera iritsi naizela uste dut» esan zigun artearrak, bere bizitzaren «aro ahaztezin bat» agertu eta 2008ko maiatzetik 2009ko urrira bitartean sortutako poemak dituen «Iratzeen esporak» ahotan hartuta: «Aldaketa eta oinaze aro bat, ikaspen eta atseginezko aro bat, emozioen baso baten antzekoa, airea dena iratzeen esporaz betea».

Irakurleak «bikote hausturari buruzko poemak, asko guraren ingurukoak, erruaren poemak eta kontsolamenduzkoak» aurkituko ditu liburuan, «justu dena hondoratzera doala uste izan eta orduan agertzen den argi epela deskribatzen dutenak».

Emeki edo festina lente idatzitako poema bilduman denbora luzean dekantatutako hainbat tonu ageri dira. Eta «bizitzaren astuntasunari kontrajarria», arintasuna, pisurik eza eman nahi izan dio aurkeztu lanari. Eta giro pertsonal eta garaikide bat ere erantsi nahi izan dio, «era horretan asko irauteko moduko poemak eta liburu klasikoa izatea» zuelako xede poetak, «poema edo lerroren bat gogoan gelditzeko modukoa izango delakoan».

Urdina da tristezia

Maite Yurrebasoren azala duen liburuak «Kind of Blue» du lehenengo atala. Eta Miles Davisekin jarraituta -tronpeta jotzailearen diskoen izenak dira-, «Nefertiti» bigarrena. «`Kind of blue' tristezia antzeko batez hasten da liburua bera ere, eta gorantz egiten du gero `Nefertiti' atalean». Hirugarrena eta azkena berriz, «Iazko urtebeteak» dugu. «Urtebeteak sagar mota bat dira Bizkaialdean, jaten direnean askotan pasa den urtekoak izaten direlako», Estankonak argitu zuenez.

Artearrak, Durangoko Azokaren karira, Ahotsenean ahots ozenez irakurriko ditu poemak, abenduaren 5ean eta eguerdiz. Gero, helduko dira gehiago ere, «Borjaren -anaia- gitarraz lagunduta badira, hobeto».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo