GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Miyazaki euskaraz

Iñaki LAZKANO | Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea

Elur artean aspaldi abandonatutako lera zurtza iltzatuta daramagu guztiok ariman. Kane hiritar malenkoniatsuak bezalaxe. Haurtzaroaren lilura bizi-bizirik baita oraindik ere gure oroitzapenaren kantoi ahantzietan. Hayao Miyazaki maisu japoniarren animaziozko zinemak, hain justu, sentiberatasun handiz birsortzen du sasoi urrun hura; xalotasun galduaren lurrina berreskuratuz.

Disney ahalguztidunaren propagandaren eraginez «The Princess and the Frog» (2009) filma ikustera eramango ditugu haurrak, ostera. Gaztelaniaz ala frantsesez mintzatuko zaigun printzesa afroamerikarrak ekoiztetxe hanpatuaren moralkeria melengarekin amaituko duen uste ustelean; benetako animaziozko altxorrak zokoratuz beste behin.

Urte luzez zinema industriak bizkarra eman die Miyazakiren marrazki bizidunetako artelanei, egiazki. Baina, apurka-apurka bada ere, gauzak aldatuz doaz. Hala, duela ez asko, «Totoro bizilaguna» (1988) eta «Ponyo itsaslabarrean» (2008) film apartak DVD formatuan merkaturatu ditu Aurum enpresa banatzaileak Hego Euskal Herrian. Eta hori gutxi balitz bezala, euskarara ere txukun bikoiztuta daude aipatu filmak.

Miyazakiren maisulan zirraragarriena da, ezbairik gabe, «Totoro bizilaguna» (1988). Ez alferrik, historiako animaziozko film onena dela aldarrikatu berri du «Time Out» britainiar aldizkari entzutetsuak. Ama ospitalean gaixo dela, etxalde batera joango dira bizitzera aitarekin Satsuki eta Mei ahizpak. Alaitasunak zipriztintzen du istorioa hasieran. Heriotzaren itzalak, ordea, haurren irribarre xaloa urratu eta balioak iratzarriko ditu. Horrenbestez, bakardade makurretik ihesi dabiltzan haurren aterpe bilakatuko da iratxoen mundua. Adiskidetasuna, elkartasuna eta maitasuna marraztuko ditu-eta txikienen bihotzetan Totoro peluxe erraldoiaren samurtasunak. Orobat, naturaren ederrak ezin hobeto islatzen du pelikulan Miyazakiren arima panteista. Basoaren miresmen sakratu hori, hain zuzen ere, ingurumenarekiko kezka samin izatera igaroko da gerora; maisu japoniarraren kontzientzia ekologista bere zinemaren ardatz bihurtuz.

Rousseauk zioen ikusteko, pentsatzeko nahiz sentitzeko ere berezko moduak dituela haurtzaroak; zentzugabea dela oso helduon aldetik hori guztia ordezkatu nahi izatea. Doktrinamendu moralik ez dago Miyazakiren unibertso ederrean, zinez. Are gutxiago, indarkeriaren gorazarrerik. Giza balioen aldarrikatze irudimentsu eta hunkigarria -euskaraz, gainera- besterik ez. Irakaspen ezinbestekoa haur zein helduontzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo