GARA > Idatzia > Euskal Herria

Meaux-ek bere misioa AHT proiektua lurraldean «egokitzea» dela argitu du

Marie-Line Meaux Estatu frantsesak AHT linea berriaren proiekturako berriki izendatu duen teknikariak bere lehen bilkurak burutu zituen atzo Baionan. Maiatza bitartean, lekuko gizarte eragile guztiekin bilduko da linea berriaren proiektua «lurraldean hobekienik egokitzeko».

Ainize BUTRON |

«Nire misioa finkatuta dago: proiektua paisaian ahal bezain ongi egokitzea, lekuko hautetsi, bizilagun eta elkarteekin elkarlanean», nabarmendu zuen atzo Mari-Line Meaux teknikariak Baionan egindako lehen agerraldian. Erran horiek behin eta berriz berretsi zituen frantses Estatuko ordezkariak, AHT egitasmoari begira eman dioten funtzioa ulertarazteko.

«Ohiko prozedura batean gaude. Egitasmoa finkatua izan da, orain fisikoki proiektua nola gauzatu aztertzea izango da nire lana», gehitu zuen. Joan den astelehenean Gobernu frantsesak eta RFFk izendatu zuten, hain zuzen, Marie-Line Meaux Baiona eta Hendaia arteko AHT linea berriaren proiektua bideratzeko «bitartekari» lanaz arduratzeko.

Asteartean bere funtzioak hartu zituela, atzo burutu zituen lehenengo bilerak lekuko agintari politikoekin, hala nola: Jean Grenet Baionako auzapeza, Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta kontseilari orokorra, Lapurdiko hiru herri elkargoetako lehendakariak eta Jean-Jacques Lasserre eta Jean-Baptiste Etxeto, hurrenez hurren, Hautetsien Kontseiluko eta Garapen Kontseiluko buruak.

Ekologia, Egokitzapena eta Garapen Iraunkorreko Ministerioan Alpe eta Pirinioetako ikuskari orokorra da Meaux. Gobernu frantsesak izendatu duela-eta, bere misioa ez zela «bitartekaritza» lana egitea argitu zuen. «Nire misioa koadro batean sartzen da. Lekuko hautetsi, elkarte eta bizilagunekin elkartu ondoren erranak entzun, ezagutu eta kontuan hartuko ditut, proiektua lurralde honen, Estatu frantsesaren eta Europaren beharrei ahal bezain ongi egokitzeko», gehitu zuen. Horrenbestez, kazetariek egungo bidea berritzearen alternatiba aztertzeko asmoa zuenetz galdetu ziotelarik, bere jakinean «egitasmo bakarra» zegoela ihardetsi zuen.

Epe laburra

«AHT linea berria `Grenelle legea'n barnatu dago. Nik dakidanez proiektu bakarra dago. Eztabaida publikoa izan da, eta, linea berria egiteko proposamena onartua izan da. Gaur egun, Ministerioak egitasmo horretan zentratzen du bere lana», azpimarratu zuen Meauxek.

Ikuskari orokorrak, maiatza bitartean eramango duen lanean, ez du «linea berriaren proiektuaren azterketan» barnatzeko asmorik. «Hori jadanik eztabaidatua eta sakondua izan da. Linearen ardatza edo lurperatzea nola eginen den ikertuko dut», gaineratu zuen.

Eginkizun horretarako duen epea aipatzeko aukera ere izan zuen Meauxek, eta horretan oso denbora gutxi zuela onartu zuen. «Proiektu hori oso korapilatsua da. Proposamenak maiatzerako helarazi behar dizkiot Gobernuari, baina, ziur naiz ezingo dela horretara mugatu. Nire irudiko beharrezkoa izango da misio horri jarraipena ematea», aitortu zuen. Atzoko bileretan gehienbat lekuko agintari politikoekin egon zen. Eta ondoko egunetan elkarteekin elkartzeko asmoa du.

Bitartekari baten izendapena eskatua zuten hautetsi eta elkarteek. Michel Hiriart Hego Lapurdiko Herri Elkargoko burua bildu zen atzo Meauxekin, eta «haien erranak kontuan hartuko» dituela esan ziela adierazi zuen. «Espero dugu gure erranak goiti eramanen dituela», nabarmendu zuen.

Victor Pachon CADEko buruak, bestalde, elkarte gisa bilkurara joateko asmoa daukatela erran zuen. Halere, Marie-Line Meauxen lana soilik proiektua paisaian nola egokitu daitekeen aztertzea izanez gero, Estatuak «pikutara bidaliko bagintu bezala da», salatu zuen. «Koadroa hori bezain itxia bada, zintzotasunez hurbilduko gara, besterik ez», bukatu zuen.

Txostena

Marie-Line Meaux teknikariak frantses Gobernuari proposamen txostena bidaliko dio maiatzean. Tartean, agintari eta elkarteekin biltzeaz gain, ondoko astean RFFrekin biltzekotan dago, beraiekin «lana sakontzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo