GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josu Gotzon Landeta Irakaslea

Antolaketa horizontala ikasgeletan

 

Ostirala da, arratsaldeko hirurak laurden gutxiago dira, eta ikastola bateko irakasle gelan nago. Aste osoko eskolak eman eta gero, batetik gainean daramadan nekeak eta bestetik inguruko langileen aldarte onak asteburuaren hurbiltasuna zelatatzen dute. Hala ere, aste osoan egindakoaren inguruko gogoeta eginda, halako satisfazio eta poz sentsazioak inguratzen nau, ikastetxerik ikastetxe ibiltzeak berez eragiten duen neke handia asteko lanaren arrakastak arintzen baitu, ikasgela batzuetan giroa goibela izanik ere, tarte eguzkitsu eta argitsuak nagusi dira-eta. Ezin liteke deskriba gaztelera nagusi den inguruetan ikasleek bertsolaritzan euskaraz burutzen duten lanak zein ilusio handia sortzen digun gehienoi. Sarri banaka sarri taldeka, gure saioetan eskuratzen dituzten ezagupenak eta sormena direla medio, hamaika bertso eta ahozko testu berri sortzen dituztela, hitzaren kirol nazionalaren trebetasunen jabe egiteaz gain, eskola arloan hain eskasa dugun ahozkotasunaren arloan ere murgilduz. Joko horretan gainera, galtzailerik ez dago, sormen lanean egindako ahaleginak denok bihurtzen baikaitu irabazle. Sariturik eta zigorturik ez hortaz, unean uneko proiektua burututa denon artean egindako gogoetak denok berdintzen baikaitu, taldearen gurdiari tiraka gabiltzanok eta horren atzetik pauso geldoz eta nekez ari direnak ere bai, ezen gure ekimenetan egindakoaz partaide oro elikatzen baitira.

Tamalez, irakaskuntzaren panorama guztiz ezberdina da, batzuen elikatzeak beste askoren gosea dakarrelako. Korronte pedagogiko modernoen oldarrak betitik eskatu izan du aldaketa bat, baina hezkuntza sistemak sistema sozioekonomikoaren eskutik lotuta urak geldiarazteko presa egiteaz arduratu ohi da, hainbat andre eta gizon handiren ideiak merkatuaren zerbitzura jarririk, aldaketa erabat zapuztuz. Zorionez, irakasle batzuen asmorik ederrenek gure herrietan gela asko kolorez janzten dituzte, baina goiz ala berandu sistemaren zuri-beltzeko fotogramekin topo egingo dute. Gaur konpetentzietan oinarritutako ikaskuntzari bidea zabaldu nahian, zentro batzuetan proiektuka funtzionatzeko hautua egin dute, eta berorietan talde lana eta ahaleginaren garrantzia nabarmentzen diren arren, banakako azterketa zorrotzen harresiarekin topo egingo dute, «onak» saritu eta «gaiztoak» zigortu egingo dituzten probak alegia, era horretan banaka zein taldeka landu den konpetentzia joko aberasgarri ederra joko konpetitibo basati latza bihurtuz.

Eta batzuek esango duzue mota horretako probak umea zailtzeko baliagarriak izan daitezkeela, goi-mailetara hurbildu ahala hori eta gehiago eskatuko dietela... Arrazoi puntua ukatu barik ere, argi dago sistemaren helburu nagusia ikasleak babes oinarriez hornitu baino euren arteko sailkapena ezartzea dela, eta urtetik urteko bereizketa horrek etorkizuneko menperatzaile eta menperatuak bereiziko ditu, bata bestearen gainean ezarririk.

Gure artean badirudi «elkartasuna» berba modan dagoela, eta bereziki ahoa erabat betetzen zaigu gure jendarteak hori duela eskas adierazten dugunean. Beraz, bada sasoia ikasgeletan elkartasunean oinarritutako proiektuak eta ebaluazio sistemak ezartzeko, ezen denok gurdi berean baikoaz, batzuk tiraka besteek geldoago agian, baina gurdi berean eta bidaia txartel berdinaz gainera. Eta hori behetik gora hasi behar da gauzatzen, «goikoek» zer egingo duten itxaron barik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo