GARA > Idatzia > Kultura

Federico Garcia Lorca eta Mikel Laboa uztarturik, BAI antzerki eskolako «Las Alba» antzezlanean

BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiko laugarren mailako ikasleek «Las Alba» ikasketa bukaerako lana aurkeztuko dute Barakaldo Antzokian bihar eta etzi (20.00). Lorcaren obraren bertsio «hemengoagoa» sortu dute.

p042_f01_96x88.jpg

Ane ARRUTI | BARAKALDO

Euskaldunago eta emozioz beteriko «Las Alba» antzezlana taularatuko dute bihar eta etzi Bizkaiko Antzerki Ikastegiko laugarren mailako ikasleek. Federico Garcia Lorcak idatzitako «La casa de Bernarda Alba» testuan oinarrituta, alaben ikuspuntua izango du ardatz moldaketa honek.

Bederatzi antzezle eta hiru musikarik hartuko dute parte. Eskolako zuzendari Fer Montoya arduratu da muntaia zuzentzeaz ere. Atzo adierazi zuenez, «obra poetikoagoa egin nahi izan dugu. Emozionalki oso potentea da, oso sentitua eta benetakoa». Dantzak eta musikak ere indar handia hartuko dute antzezlanean.

Laboaren soinu banda

Mikel Laboaren «Baga-biga-higa» kantuak eramango ditu istorio honetako alabak sorginen eta eromenaren mundura. Abestiaren bost moldaketa ezberdin egin dituzte eta ikuskizunaren «espazio zirkular eta klaustrofobikoari soinu banda jarriko diote», esan zuen Montoyak. Paco Claver, Izaskun Fernandez, Saray Frutos, Axier Garcia, Veronica Gonzalo, Maitane Muruaga, Joana Ocaña eta Eider Tellaetxek osatzen dute antzezle taldea. Zuzeneko musika izango dute lagun, Adrian Garcia de los Ojos eta Lluis Queraltoren eskutik.

Neskameen, Bernardaren eta Maria Josefaren pertsonaiek nolabaiteko epika tradizionalari jarraitzen diote. Alabek, berriz, lengoaia naturalistagoa eta hurbilagoa osatzen dute. «Ikuskizunak pertsonaiek poesia soineko bat eraman dezaten eskatzen du, baina baita hezurrak, odola eta oihukatzeko gogoa ikus daitezen ere», azaldu zuen zuzendariak.

BAIk hamalau urte daramatza Bilbon eta Barakaldon antzerki eskolak ematen eta eurek antolatzen dute nazioarteko ACT jaialdia ere. Bestelako proiektuen artean, Australiako Western Australian Academy of Performing Arts eskolarekin kolaborazio proiektu bat dute martxan. Amsterdamgo antzerki-musikal eskola batekin ere truke programa bat abiatu dute eta, bigarren urtez, BAIko ikasleek, unibertsitateko titulua eskuratu dezakete Britainia Handiko Leeds Metropolitan University delakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo