GARA > Idatzia > Kirolak> Real Sociedad

Bigarren maila

Xabi Prieto laguntzera etor liteke datorren astean

Erdilari gipuzkoarra ez da Gironaren aurka arituko igandean, baina Huescako partidarako prest egon liteke.

GARA | DONOSTIA

Reala sailkapeneko bigarren tokian dago, baina gezurra dirudien arren, zuri-urdinak taldean oso baliotsua den jokalari baten hutsunea asko nabaritzen ari dira azken asteotan. Kirolari horren izena, nola ez, Xabi Prieto da, denboraldi honetako jokalaririk onen eta erabakigarriena.

Donostiarrak lau partida galdu ditu entrenamendu batean orkatilan egindako bihurdura gogor bategatik. Denbora tarte horretan, bere taldeak neurketa bakarra irabazi du, iragan igandekoa, Nasticen aurka (1-0), Claudio Bravo atezainaren golari esker. Gainerako partidetan, bi berdinketa eta porrot bakarra jaso du Realak.

Prietoren hutsuneak zuzenean eragin du gipuzkoarren jokoan, igandeko neurketa albo batera utzita. Baina hau dena berriro ere alda daiteke, erdilaria jokora itzultzean. Izan ere, jokalariak prentsaurrekoan adierazi zuenez, datorren igandean ez da Gironaren aurka arituko, baina hurrengo jardunaldian Huescara bidaiatzeko prest egon liteke.

Bere hutsunearen garrantzia arindu nahi izan zuen donostiarrak. Azken partidetan jokatu ezin izatea «gogorra baino, luzea» egin zaiola nabarmendu zuen. Aste amaieran baloia ukitzen hasi, eta datorren astelehenean taldekideekin lan egin lezake erdilariak Huescaren aurkako neurketa prestatzen hasteko.

Lesionatu aurretik, Prietok Ligako 20 partida jokatu ditu. Gainera, bere gol senarekin ere taldeari asko lagundu dio aurten. Izan ere, lau gol sartu ditu orain arte, eta Carlos Bueno, Imanol Agirretxe eta Antoine Griezmann jokalarien atzetik taldeko laugarren golegilerik onena da bera.

Zehaztasun estatistika ere bere alde duela dirudi. Nahiz eta zenbait neurketetan nahiko atzeratuta jokatu duen, Prietoren lau golak atera jaurtikitako lau aukeren ondorioz iritsi dira.

Elustondo, konfiantzarekin

Atzoko beste protagonista Gorka Elustondo izan zen. Realak etxetik kanpo jokatu beharko ditu datozen bi neurketak. Horren aurrean, erdilariak honakoa adierazi zuen: «Azken partidak konfiantza eman digu eta ilusio handiarekin egingo diegu aurre bisita hauei».

bravo, txilerekin

Claudio Bravo atezainak Txileko selekzioarekin bi lagunarteko partida jokatuko ditu datorren martxoaren 3an, Santiagoko Monumental estadioan, Costa Ricaren eta Ipar Korearen kontra. Marcelo Bielsa entrenatzaileak 28 jokalari eramango ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo