GARA > Idatzia > Kultura

Basterretxearen eskulturak Lapurdin erre zituzten emazteen oroimena gordeko du

Maite UBIRIA | SENPERE

Lapurdi 1609-2009 batzordeak agerraldia egin du gaur goizean Senperen. Prentsa aitzinean, luxuzko gonbidatua izan da: Nestor Basterretxea. Eskultore ezagunak duela 400 urte Lapurdin izan ziren gertakizun lazgarrien omenezko oroigarria egin du.

Heldu den otsailaren 27an ezarriko dute Basterretxearen lana Senpere herrian, aitzina begira, Lapurdiko emazteek pairatu zuten jazarpena gogoratua izan dadin. De Lancre inkisidoreak bere jujamenduak egiteko erabili zuen jauregiaren parean dagoen enparantza «1609ko plaza» izendatu dute, eta bertan finkatuko dute Bermeoko eskultore handiaren lana.

«Eskoletan erakutsi ziguten historia ez zela gurea ohartu ondoren 1609ko gertakariak hurbiletik ezagutu eta bide batez hil zituzten emazteak omendu nahi izan genituen», azaldu du batzordearen sortzaile Mixel Mendibourek.

Lapurdi 1609-2009 batzordeak ekitaldi anitz burutu ditu gertakari lazgarri haiek oroitarazteko. Claude Labat historialariak emandako hitzaldiak eta batzordeak berak antolaturiko mintzaldiak aipatu ditu Mendibourek. Ekimen horien ondoren, «ohartu gara jujatuak, preso altxatuak eta erreak izan ziren emazte horiek gure arbasoak baizik ez zirela». Bere erranez, «artistek laguntzen dute gure memoria historikoa gordetzen eta gure kultura azkartzen». Horregatik, eta baita «Lapurdi honetan euskal kulturaren folkloriazioari aurre egiteko» garrantzitsua iruditu zaie historiaren irakurketa sakona egitea.

Mendiboureren ustez, «Nestor Basterretxeak eginiko obra ekarpen izugarria da, are gehiago, berari esker Europan 1609ko gertakariak gogorarazten dituen obra bakarra izanen da Senperen».

Christine Bessonart auzapezak Basterretxeak eginiko eskultura eskertu du. Eskultoreak kitorik egin du lana. Hala ere, Herriko Etxeak bere gain hartu du eskultura eta muntaketa. Orotara 40 mila euro ordainduko ditu.

Lan figuratiboa

Berez, Basterretxea oroigarriaren sortzailea da eta Jean Mixel Bedaxagar izan da eskulturaren egilea, arotza. Biek hartu dute parte gaur Senperen otsailaren 27ko ekitaldia aurkezteko eginiko prentsaurrekoan. Basterretxeak azaldu duenez, lan figuratiboa egin du. Zutoinak eta sugarrak irudikatu ditu artistak. «Beltza eta gorria erabili ditut, kolore horiek gertakizunaren gordintasuna azaltzeko aproposak direlakoan», azaldu du.

Otsailaren 27an ospakizun handia eginen dute Senperen. Musika, dantza, kantak eta mintzaldiak antolatu dituzte oroigarriaren estreinaldia ospatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo