GARA > Idatzia > Kultura

Gipuzkoako museoen arteko harreman sarea sortuko du Aldundiak

Gure ondarea gerturatzeko eta artea gizarteratzeko helburuz aurkeztu zuen atzo Gipuzkoako Aldundiak Gipuzkoa Lurralde Historikoko Museoak Antolatzeko Plana. Proiektuaren zutoinetako bi Gipuzkoa Geroztik museo birtuala eta datorren urtean Irunen zabalduko den Gordailu Zentroa dira. Azken honetan bilduma etnografiko pribatuak eskaintzeaz gain, zaharberritze tailerrak eta liburutegi berezituak izango dira eskuragarri.
p040_f01_97x125.jpg

O.L. | LEKUA

Gipuzkoako museoak antolatzeko Aldundiak egindako planak batetik, historiaren arabera sailkatu ditu lurraldeko museoak, eta, bestetik, gaiaren arabera, guztira bost azpisail osagarritan banatuta: itsasoa, burdina, natura, gastronomia eta artea, lehen bi esparruei lehentasuna emanez. Planak, beraz, «gaiaren araberako sistema egituratua» proposatu du, eta horri esker, herrialdeetako guneen arteko harremanak «koordinazio sare baten bidez bultzatu eta Gipuzkoako ondarea gizarteratzeko giltzarri bihurtu».

Gizarteratzearen ateak zabaltzeko aurten eta datorren urtean gauzatuko diren proiektu batzuk aipatu zituzten, horien artean garrantzi handiko bi hauek: Gipuzkoa Geroztik birtuala, eta Irunen 2011n zabalduko den Gordailu Zentroa. Bertan material arkeologiko eta historikoak gordetzeaz gain, zaharberritze tailerrak eskainiko dira, eta ikerketa zentroa eta liburutegi berezitua barneratuko dira. Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak zehaztu zuenez, erakunde berri honen egitekoa Aldundiaren baliabideak kudeatzea izango da. Aldi berean, Donostiako San Telmo museoa lurraldeko beste guneekiko lotura-zubi gisa erabiliko da.

San Telmo

Arreta berezia eskaini zaio San Telmok hemendik aurrera jokatuko duen paperari, «museoaren diskurtsoak euskal gizartean oihartzun handia» har baitezake. Zentzu horretan, Pilar Azurmendi Ondare zuzendariak onartu zuen plana egitean «lehentasunezko lekua» eskaini diotela Donostiako gune honi: «Lanari ekin genionean San Telmorekin izan dugun hartu-emana erabakigarria izan da. Prozesuan txertatu ditugu aurreikusiak ez genituen alderdiak eta museoko arduradunak ere San Telmo erakusleiho izatearen betebehar hori bere egin dute».

Itsasoari eskainitako lehentasunezko lekuari dagokionez, Untzi Museoa aipatu zuten: «Itsasoan dugu beste herrialdeengandik ezberdintzen gaituena. Gipuzkoak asko eman dio itsasoari, baita bertatik jaso ere». 1990. urteaz geroztik, «museo txiki hau etengabe aritu da lanean, baina dagoen tokian egonda ezin da handitu», gaineratu zuen Aranburuk. Era berean, Aquariuma, Pasai Donibaneko Ontziola, Pasai San Pedroko Itsasgela edota Nautilus Geologiaren Interpretazio Zentroa aipatu ziren: «Itsasoaren museoen mapan espazio hauek lotzen dituen ekipamendua falta da», eta «hutsune horri aurre egiteko» Itsasoaren Euskal Museoa sortzeko proiektua dagoela gaineratu zuten. «Lurralde mailan aipatutako espazioen museo nagusi gisa funtzionatuko du. Aldi berean, Estatu mailan itsasoaren museoen euskal sarearen aitzindari izan daiteke, izan ere, gaur egun ez baitago leku hori hartzen duen museorik», azaldu zuten.

Hutsuneak bete eta guztien arteko harremanak sustatzea, ondarea gizarteratzea eta mantentzea dira oro har, ordezkarien aburuz, erronka nagusiak, eta horiek lortzeko Aranburuk eta Azurmendik azaldu zutenez, Gipuzkoakoen egoera aztertzea «ezinbestekoa izan da artea gizarteratu ahal izateko».

Horretarako, urte eta erdiz elkarlanean aritu dira Aldundia eta museoak; bi eragileen arteko elkarrizketen bidez heldu baitira ondorioetara: «Eztabaida eta ikerketa egitea garrantzitsua iruditu zitzaigun haien beharrak entzun eta adostasun batera heltzeko, alegia, parte hartzearen dinamika ezarri genuen hasieratik», argitu zuten. Planaren abiapuntua «gaur egun Gipuzkoako sarearen egoera aztertzea izan zen eta, horren arabera, etorkizuna diseinatu eta finkatu zen erakunde publiko zein pribatuen egoera hobetu eta indartzeko».

Horrenbestez, atzeman diren hutsuneak betetzeaz gain, erakusketa guneetara errepidez iristeko inguruko seinalizazioa indartzea erabaki dute.

AISIALDIA

«Museoak ez ditugu aisialdiarekin lotzen, eskolako irteerekin edota oporretako bisitaldiekin baizik. Jendeak artea aisialdiarekin lotu dezan lan egin behar dugu», esan zuen Azurmendik.

SALNEURRIAK

Aldundiaren plan berriak salneurri eta ordutegi komunak eta sarrera partekatuak proposatzen ditu, bai eta lurraldeko guneetako erakusketak txandakakoak izan daitezela ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo