GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Charlie Wilsonen gerra, sasoi betean

 

Gaur hamabost hil zen Charlie Wilson (benetakoa, Lufkingoa; ez Tom Hanks, Hollywoodekoa), baina haren gerrak sasoi betean jarraitzen du. Albistegiak aditu besterik ez dago: hil nahi ez omen dituen herritar arruntak hiltzen jo eta ke jarraitzen du NATOk; Herbehereak krisi politikoan murgildu dira, laboristek Balkenenderen Gobernua uztea nahiago izan dutelako; eta beste bazter batzuetan ere antzeko kontuak entzuten dira, Afganistango abenturaren zergatia ulertzen ez duten iritzi publikoen haserrea gero eta nekosoagoa delako. Charliek berak ere entzungo zuen, bere azken egunetako ohean bederen, nola CIAko bere lagun zaharrek aspaldiko beste adiskide komun baten, Jalalhuddin Haqqani gerraburuaren juzgu egiten duten Khosteko Camp Chapman basean urtarrilaren 9an pairatutako atentatuaren, azken mende laurdenean Agentziak nozitu duen kolpe latzenaren, ardura nagusia. Afganistango gerrak, Charlieren gerrak, honelako gorabeherak izaten baititu etengabe: lagunak etsai bilakatzen dira, eta etsaiak lagun... baina azkenean kanpotarra suertatzen da galtzaile ia beti.

Charlieren heriotza dela eta, Gates Defentsa idazkariak perla bikaina jaulki du haren ohoretan: «Paregabeko abertzale bat galdu dugu, zeinaren bizitzak erakusten baitu pertsona bulartsu eta erabakitsu batek historiaren norabidea alda dezakeela». Ez dago gaizki jan-zakur porrokatu harentzat. Gates lausengariak, hala ere, argitu ez duena da Charlie Wilson eta abarrek Afganistango historiaren norabideari eman zioten «aldaketa» ea AEBentzat mesedegarri izan den bere ustez. Egia esan, apustu egingo nuke biharko egunean D. Petraeus, K. Eikenberry, R. Holbrooke edo S. McChrystal bezalako batzuek Arlingtoneko hilerrian Charlieren hilobiarekin topo egiten badute, «errezatuko» diotena AEBetako telebistetan txirrin hotsez estaltzen duten horietakoa izango dela.

Charlie Wilson ageriko buru zutela, freedom fighter deitu zituzten matxinatu haiek dolarrez eta armaz bazkatzen saiatu ziren antikomunista burugabeena dela egungo Afganistango anabasaren erantzukizun osoa ebaztea gehiegi izango da. Baina nork ukatuko du egungo lohia orduan askatutako urek eragindakoa dela. Eta ez zen oso zuhurra izan behar emaitza aurreikusteko.

Hogeita bat urte geroago, otsailaren 15ean Moskuko bere bulegoan topa eginez ospatuko zuen Boris Gromov sobietar jeneral ohiak Anaitasunaren Zubia iparralderantz igaro zueneko eguna. Orduan etsai zituen gehienak (eta lehenago berak ere adiskide zituenetako batzuk) elkar akabatu nahian nola jarraitzen duten ikusiz: AEBek, talibanei Helmandeko lobelarraren diru iturria agorrarazi nahian, hartara negoziaketara makurtu beharko dutelakoan; Pakistan, bere itzalpetik atera eta Karzairekin tratuak egin nahi izan ditzaketen talibanak (A.G. Baradar) jokoz kanpo ipintzen, gainerakoan denborak bere alde jokatzen duela ziur dagoenez; Karzai, deabruarekin (hau da, Indiarekin edo Dostumekin) adiskidetzeko prest bere botereari eusteko; Hamid Gul eta Sultan Tarar jeneral pakistandarrak ginola dantzatzen...

Ederra egin huen, Charlie!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo