GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Bego Bitorika Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko koordinatzailea

Horrelako bateratzerik ez

 

Aurreko ikasturtean, eskola maparen dekretu berria zela eta, gure elkarteak bilerak burutu zituen gaia lantzeko eta honen inguruan adostasunak biltzeko. Ikastetxe publiko talde batek bere egin zuen dokumentua adostea lortu zen. Dokumentu horrek hiru puntu nagusi zituen: alde batetik, inposaketak alde batera uzteko eta edozein aldaketa egin baino lehen tokian tokiko eskola komunitateen iritziak kontuan hartzeko adierazten zen. Bestalde, eskola publikoetan ere, behingoz, hezkuntza ibilbidea aukeratzeko eskumena eskola komunitateari aitortzea aldarrikatzen dugu. Eta, azkenik, ezinbesteko iruditzen zaigu eskola mapa antolatzerakoan ikuspegi pedagogikoa kontuan hartzea, bai ibilbideari dagokionez, baita hezkuntza proiektu ezberdinak dituzten eskolak biltzean ere.

Beasainen eta Hernanin Hezkuntza Sailak DBHko «makroeskolak» sortu nahi ditu, goian aipatutako baldintza bakar bat ere bete gabe: inposaketaren bidez egin nahi du, ez dio eskola komunitateari ibilbidea aukeratzeko eskumenik ematen eta ez du irizpide pedagogikorik erabiltzen ikastetxeen arteko batura egiterakoan.

Oraingo Hezkuntza Sailak aurreko taldeak hartutako erabaki bat betetzen ari dela soilik esaten omen du. Baina denon buruan dugu aurreko taldeak proposatutako hainbat atal nola bota dituzten atzera: euskara eredua, curriculuma... Nahiz eta besteen erabakia izan, gauzak ondo edo gaizki egin daitezke. Eta kasu honetan oso gaizki egiten ari dira.

Non geratzen da gurasoek hezkuntza proiektua eta eskola aukeratzeko eskubidea existitzen ez den eskola batean matrikulatzera behartzen dituztenean? Zeinen baitan hartu behar dute erabakia? Eskola berri horrek ez du oraindik ez zuzendaritzarik, ez eraikinik ez hezkuntza proiekturik... Nola funtzionatu behar du inongo proiekturik eta adostasunik sortu ez duen sei edo zazpi lerroko eskola batek? Fundamentuzko hezkuntza proiektu bat ez da egun batetik bestera egiten, ezta bi hilabetetan ere.

Bi kasu hauetan bildu nahi dituzten zentroek hezkuntza proiektu desberdinak dituzte eta, gure ustez, horrek herri bakoitzaren hezkuntza curriculuma aberastea besterik ez du ekartzen.

Bestalde, Hezkuntza Sailak, aurrekoak nahiz oraingoak, behin eta berriro azpimarratu izan digu Hezkuntza Proiektua dela ikastetxeko dokumenturik garrantzitsuena eta zorioneko ikastolako autonomia hitz potoloa oinarritzen duena. Ba dokumentu hori zakarrontzira botatzen du zuzen-zuzenean Hezkuntza Sailak, eta ondorioz Eskola Publikoaren funtsa ere bai, bi ikastola hauetan inposatutakoarekin.

Zergatik hainbesteko presa? Zergatik bateratu behar dira zentro hauek derrigorrez? Zergatik ez dira gauzak lasai eta behar den bezala egiten?

Hezkuntza Sailak eskola mapa antolatzerakoan hainbat irizpide kontuan izaten dituela esan du behin eta berriz. Baina non daude irizpide pedagogikoak? Nola aplikatzen da irizpide pedagogikoa, existitzen ez den eskola bateko lehenengo maila institutuko eraikinean sartzen? Bai. Hurrengo ikasturtean Hernaniko institutuan batxilergoa eta «eskola berri» horretako lehengo maila izango dira batera. DBHko bigarren, hirugarren eta laugarren mailakoek oraindik bateratu gabe egongo diren zentroetan jarraituko dute, eta «eskola berri» horretako 12 urteko neska-mutilak batxilergoko institutura bidaliko dituzte 18 urteko gazteekin nahastuz.

Gu ez gara sartzen bateratzeari bai edo ez esatera, baina ezin dugu ondo ikusi horrelako bateratze prozesurik. Gure ikastolak ezin dira haur biltegiak izan eta edozein modutan sortu. Gure eskola eta ikastolek eskola komunitatearen artean adostutako hezkuntza proiektu sendoak izan behar dituzte abiapuntu eta muga, beharrezkoak diren azpiegiturak behar dituzte, denon artean sortutako eskolak izan behar dira.

Sortzen-Ikasbatuaz elkartea bide honetan lagun izango du aipatu puntuak aldarrikatzen dituen eskola komunitate orok. Bukatzeko, Hernani eta Beasainera luzatu nahi du elkartasun mezu ozena: animo eta segi lanean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo