GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aldundiak isilpean diharduela salatu dute Igeldoko bizilagunek

Urtarrilaren erdialdean Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin elkartu ostean itxaropentsu agertu baziren ere, orain, Aldundiak Igeldori ez diola segregaziorako baimenik eman jakin dute Itsas-Aurre Elkartekoek.
p015_f01.jpg

Janire ARRONDO | DONOSTIA

Igeldoarrek behin eta berriz informazioa eman diezaieten eskatu badute ere, salatu dutenez, Gipuzkoako Aldundiak dagoeneko eta «ezkutuan» Igeldoren gaineko erabakia hartua du. Igeldoren segregazioaren alde diharduen Itsas-Aurre Elkartekoen arabera, Aldundiak erabakita du dagoeneko eskaera «ukatzea». Hori dela eta, atzo dozenaka igeldoarrek elkarretaratzea egin zuten Donostian Gipuzkoako Aldundiaren aurrean euren «herri izateko eskubidea» aldarrikatzeko.

Elkarteko kide Juan Carlos Izagirreren hitzetan, «isilpean» ibili dira orain arteko tramiteak egiten, eta baliteke erabakia datorren asteartean Diputatuen Kontseilura eramatea. «Jarrera honekin uzten diguten aukera bakarra epaitegietarako bidea hartzea da», ohartarazi zuen Izagirrek.

Urtarrilaren 18an bildu ziren azkenengoz Itsas-Aurre elkarteko ordezkariak Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanorekin eta Edurne Egaña Lehendakaritza diputatuarekin. Orduan, itxaropentsu agertu ziren Itsas-Aurre Elkarteko kideak eta gertu ikusten zuten Igeldo udalerri bihurtzeko aukera. Donostiako Udalak egindako txosten bat eta Ogasun Sailak Igeldoren baliabide ekonomikoak aztertzeko egindako beste bat ziren Aldundiak erabakia hartzeko erabili behar zituen oinarriak, eta erabakia bi hilabeteren bueltan hartuko zuela hitz eman zien. Epea amaitu baino lehen, baina, igeldoarrek bide ez ofizialetatik Aldundiak herri izateko eskariari ezezkoa emango diola jakin dutela diote. «Erabakia alde guztiak mahai baten bueltan bilduta hartu nahi genuen guk», adierazi zuen Izagirrek.

Izagirrek, gainera, «beldur» direla esan zuen atzo. Izan ere, Donostiako Udalak 1997an egin zuen beste txosten batean «gezur eta manipulatutako informazio» ugari zegoela esan zuen Izagirrek, eta, oraingoan ere horrelako zerbait gertatzen ari den ustea dute. Urtarrilean Egañak erabakia gustuko ez bazuten, auzibidera jotzeko aukera dutela esan ziela ekarri zuen gogora Izagirrek. Igeldoarraren hitzetan, «horrek gure susmoa, ezezkoa jasotzearena, areagotu baino ez du egiten».

Gainera, erabakiak hartzeko modu hori «erabat salagarria» dela azaldu zuen. Eurek hasieratik zioten Udalak eta Ogasun Sailak egindako txostenak mahai gainean jarri eta horren gainean eztabaidatu nahi zutela, guztia erabaki «sendo» eta «jatorra» hartzeko.

Auzia epaitegietara eramanez Aldundiak lortu nahi duena, bestalde, «herritarrak nekatzea eta ekonomikoki ahultzea» dela diote. «Prozesua luzatzean jendea aspertu egiten bada ere, Igeldon lanean jarraitzeko nahia dago», baieztatu zuen.

«Aldaketa nabarmena»

Gauzak horrela, Izagirrek EAJ eta Hamaikabat alderdien jarrera salatu zuen: «Herriak erabakitzeko eskubidea duela horrenbestetan esaten duten arren, etxean ez dute esana betetzen». Bereziki Joseba Egibarren «jokabidea» salatu nahi izan zuten. Itsas-Aurreko kidearen arabera, hainbatetan bildu izan dira Egibarrekin, baina, azkenaldian ez die erantzunik ematen. «Bere atzetik gabiltza, eta ez digu jaramon egiten. Jarrera aldaketa nabarmena izan du».

Datorren larunbatean Gipuzkoako Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egingo dute Igeldoren segregazioa eskatzeko.

protesta

Datorren larunbatean, segregazioaren aldeko Itsas-Aurre Elkarteak deituta, elkarretaratzea egingo dute 12.00etan Gipuzkoako Aldundiaren aurrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo