GARA > Idatzia > Mundua

Indiako gerrilla maoistak su-etena eskaini dio New Delhiko Gobernuari

Indiako Alderdi Komunista-Maoistak (CPI-M, «naxalita» izenaz ere ezagutua) su-etena eskaini dio Gobernuari, bere kontra martxan duen erasoaldia eteteko baldintzarekin. New Delhik zuhurtziaz hartu du eskaintza eta indarkeria baztertuko dutela ziurtatzeko eskatu die.

GARA |

Zuhurtziaz erantzun dio Indiako Barne Ministerioak matxino maoistek proposaturiko su-etenari, eta gerrillariek jarduera armatuari aldez aurretik eta idatziz uko egin behar diotela nabarmendu du.

«Komunikatu laburra eta zuzena nahi dut, `indarkeriari uko egin eta elkarrizketan aritzeko prest gaude' dioena», esan zuen Indiako Barne ministro Palaniappan Chindambaramek.

«Ez dut nahi beste baldintzarik ezartzea. Komunikatu hori jasotzen dudanean, lehen ministroari eta beste ministroei galdetuko diet eta berehala erantzungo dut», gaineratu zuen Chindambaramek.

Orain arte matxinoekin hitz egitearen alde agertu da Chindambaram, baina horretarako ezinbestekotzat jo izan du gerrillariek armak uztea.

Buruzagi maoista batek komunikabideei atzo esan zienez, matxinoak prest daude Gobernuarekin elkarrizketan hasteko, baina horretarako, gerrillariak euren gotorlekuetatik kanporatzeko New Delhik hasi duen erasoaldia eten dezala eskatu dute.

Kishenji matxinoen buruak Mendebaldeko Bengala estatuko Chabbis Ganta telebistan adierazi zuenez, Gobernuarekin hitz egiteko prest dira, maiatzaren 7an hasita erasoaldia 72 egunez eteten badu.

Khisenjik dei berezia egin zien «herriaren eskubideen alde egiten duten intelektualei eta giza eskubideen aldeko taldeei» Gobernuaren eta maoisten arteko bitartekaritza lanak egiteko.

Indiako oposizioko alderdi nagusiak, Bharatiya Janata Party-k (BJP, hinduista), begi onez ikusi dute maoisten eskaintza, baina, Gobernuak bezala, Rajiv Pratap Rudy BJPko eledunak ere gerrillariei armak uzteko deia egin zien PTI agentziari egindako adierazpenetan.

faxaren zain

New Delhiko Gobernuak fax zenbaki bat eskaini zion Indiako Alderdi Komunista-Maoistari (CPI-M), bertara igor dezaten indarkeriari uko egiten diotela adierazten duen komunikatua, elkarrizketa hasteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo