GARA > Idatzia > Kultura

Donostia Hiriko Kutxa Literatur Sariek badituzte jada irabazleak

Marco Antonio de la Parra, Txileko Santiago hirikoa; Alkizako Xabier Artola; Rafael Herrero madrildarra; eta Mattin Irigoien, Nafarroa Behereko Arberatze-Zilhekoa herrikoa. Horiexek, 2010eko Donostia Hiriko Kutxa Literatur Sarien irabazleak. Lehenengo biak ipuinen arloan, eta bigarrenak, antzerkian. Herreroren eta Irigoienen adierazpenak jaso ditugu.

p056_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Atzo jakinarazi zituzten, Kutxaren ekitaldi aretoan, Donostia Hiriko Literatur Sarien irabazleen izenak. Gaztelaniazko ipuinen arloan, Txileko Santiago hiriburuko Marco Antonio de la Parraren «El auténtico Moreno Valdés» lana aukeratu zuten; euskarazko ipuinen artean, aldiz, Xabier Artola alkizarraren «Deception Island».

Lehenengoari buruz, faltsutzearen inguruko ipuina dela azaldu zuen Raul Guerra epaimahaiko bozeramaileak. Faltsutzea pinturan eta maitasunean. Erakusketa arrakastatsuak, glamourra, komunikabideetako oihartzun ikaragarria, arrakasta horren atzeko hari ikusezinak... Estilo garbiz eta sentsibilitate handiz azaltzen ditu De la Parrak kontu horiek guztiak.

Euskarazko ipuinen gainean, jendearen parte-hartzea zabala izan dela, maila oneko lanak aurkeztu dituztela eta erabakia azken unera arte luzatu dela jakinarazi zuen Iñaki Aldekoa epaileak. Azkenean, Xabier Artola Zubillagaren «Deception Island» hautatu zuten denen artetik, bi planotan egituratutako ipuin dramatikoa, heriotza eta desengainua lantzen dituena. Mendi istripu bat gertatzen da eta horren inguruan triangelu afektibo bat garatzen da.

«Jendeen jende»

Antzerki obrei dagokienez, euskarazko arloan Mattin Irigoienen «Jendeen jende» lana saritu zuten. Ana Toledo epaimahaiko kideak agertu zuenez, bi alderdi landu ditu Nafarroa Behereko idazleak, hitza eta alde kinesikoa. Etengabeko tentsio dramatikoa, umore fina, kostunbrismo modernoa, ironiaz betetako elkarrizketa biziak... Hainbat balore aipatu zituen Toledok, eta aho batez saritu dutela aipatu zuen.

Telefonoz jakinarazi zioten Mattin Irigoieni bere obra aukeratu zutela eta hagitz gustura zegoen. Bigarren saria du, 1994an Toribio Alzaga saria jaso baitzuen. Azaldu zigunez, badira urte batzuk talde batekin Amikuze aldean antzerkia egiten dabilela eta idaztea obraren zati da; helburua ez da idaztea, taularatzea baizik. Obraren osotasuna taula gainean ikusten da.

Familia giro bat azaltzen da «Jendeak jende» lanean. Begirada ironiko batekin, irri egiteko begirada batekin agertzen da gure egungo gizartean garatzen ari den joera bat. «Hemen, gero eta jende gehiago ari da zuhaitz genealogikoak egiten. Jendeak erroak bilatzen ditu, erroak zenbat eta luzeago, euskaltasuna orduan eta barneago balu bezala. Bada jendea gazterik erretiratua eta denbora pasatzen du gauza horietan ere. Gure nortasunaren ikuspegi aski tradizionala agertzen da. Odol garbia edo ez dakit zer frogatu nahi den, betidanik izen honetakoak garela erakusteko», adierazi zuen Irigoienek. «Jendeak jende»n erretiratu berri den izeba batek familiaren zuhaitz genealogikoa egiten du. 400 lagun gonbidatzen dituzte, denak familiakoak, nahiz eta ez duten elkar ezagutzen, eta besta bat egiten dute. «Antzerkiak ez du hori erraten, baina nik zera pentsatzen dut: joera horiek euskaltasunaren iraunkortasuna frogatu nahi dute, betierekotasun bat. Antzerkiak, berriz, jendea erakusten du, familia istorioetan kateatua, badakigulako familietan dena ez dela garbia eta badirela istorioak, ez dakizkigunak edo aipatu ezin direnak». Ezin erran horiek eztanda egiten dute eta ustekabe horiekin komedia bat edo umorezko istorio bat gertatzen da.

Zortzi pertsonaia daude, nahiz eta 400 gonbidatu izan. Dena besta aitzinetik eta ondotik gertatzen da, jaia ez da agertzen. Jai bazterreko gela ikusten dugu, jaia da aitzakia jende hori biltzeko eta gai horiek erabiltzeko. Zuhaitz genealogikoak diasporara eramaten gaitu: «Denek badugu, hemen Iparraldean behintzat, eta Hegoaldean ere uste dut baietz, norbait Ameriketan edo nonbait munduan ibilia eta zuhaitzak leku horietara eramaten gaitu. Hor etortzen da gonbidatua ez zen bat eta ustekabekoa sortzen du, inork ez baitzekien familiako hori bazenik, atipiko hori».

Iruditeria, hizkera eta zenbait erreferentzia Ipar Euskal Herrikoak dira. «Antzerkia harreman zuzeneko gauza denez, publikoarekin segituan hartu-emana izan behar da eta erreferentziak badaude jendea hunkitzeko. Egia da lanak halako bertakotasun bat, iparraldekotasun bat badaukala».

«No me hagas daño»

Gaztelaniazko antzerki obren artean, Rafael Herrero madrildarrak idatzitako «No me hagas daño» aukeratu zuten. Telefonoz albiste ona jaso eta segituan egon ginen berarekin eta sariak ilusio handia egin diola adierazi zigun. «Larunbat hau egun oso berezia da niretzat, obra hori intentsitate eta gogo handiz idatzi nuen eta sari bat jasotzeak asko laguntzen dio idazle bati». Gauza gehiago ere idatzi ditu, baina urte anitzetan ez du saririk jaso. Orain dela denbora dezente aitorpenen bat jaso zuen telebistan, baina antzerkiko lehenbiziko saria du hau.

«Ederra litzaidake lana kaleratzen dutenean norbaitek irakurri, gustatu eta ametsa taula gainean bukatzea. Nik asmo horrekin idatzi dut. Antzerkia idaztean beti ikusten ditut irudiak, beti pentsatzen dut nola interpretatuko luketen aktoreek, nola geldituko litzatekeen taula gainean. Eta hori gertatzen ez denean, gehienetan alegia, ametsa erdizka gelditzen da», azaldu zuen.

«No me hagas daño» erdi drama erdi tragedia da. Tratu txarrei buruzko obra da eta planteamendu hagitz agonikoa egiten du, esperantza puntu batekin. Bost pertsonaia daude: erasotzailea, tratu txarrak jasaten dituen emakumea, alaba, senarra birbideratzen saiatzen den terapeuta eta neska gazte boliviar bat. «Gai honetan ezin da oso-oso baikorra izan. Beldurgarria eta oso gogorra da».

Herrerok proposatzen duen agertokia hutsik dago eta pertsonaia guztiak hor daude beti. Tragedia bat da, gertatzen denaren lekuko baitira eta ez baitute ezer egiten. «Gizartean ere hala gertatzen da, oso gutxi egiten da», konparatuz bukatu zuen.

TAULARATZEA XEDE

Irabazleen izenak atzo jakinarazi bazituzten ere, maiatzean eginen dute sari banaketa eta ordurako Alberdaniak lau liburuak kaleratuko ditu. Horietako bi antzerki obrak dira eta jendaurrean erakustea da egileen helburua.

IRREGULARRA

Iruritako saioa irregularra izan zen eta nahiko urduri aritu ziren bertsolariak. Xabier Legarretak, ordea, ongi eta ziur kantatu zuen, bertso osoak eta politak josi zituen. Eta horregatik izan zen garailea.

TRATU TXARRAK

Rafael Herrerok tratu txarren gaia jorratzen du «No me hagas daño» antzerki obran. Istorioa edozein tokitan gerta daiteke. Eta ez da oihalak jaitsitakoan bukatzen, ikusle bakoitzak eman behar dio amaiera.

FAMILIA KONTUAK

Jendeak irri egiteko antzerki bat sortzea, ez du bertze helbururik izan Mattin Irigoienek «Jendeen jende» lana idazterakoan. Zuhaitz genealogiko zabal bat egiten duen familia baten ezusteak azaltzen ditu era ironikoan.

Ficha

Dirección y fotografía: Günter Schwaiger.

Música: W. Raditschnig y U. Fussenegger.

Intérpretes: El Campero, Johann Duque, Uceda Leal, José Tomás, Juan Guerrero, Morente de la Puebla. País: Austria, 2010. Duración: 105 m.

Género: Documental.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo