GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikasle andana atera ditu kalera IAk «inposaketen aurka» eta gaur Bilbora joateko deia ere egin du

GARA | DONOSTIA

Makina bat ikaslek ikasgelak atzean utzi eta Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduak antolatutako mobilizazio egunean hartu zuten parte atzo «Inposaketarik ez! Borrokatu marra gorriak» leloa ikastetxeetatik atera eta herriratuz. IAk berak egindako datu bilketaren arabera, 1.650 ikaslek hartu zuten parte mobilizazioetan. Protesta gehienak inolako arazorik gabe burutu baziren ere, Oreretan, Donostian, Debagoienan eta Gasteizen ikasleek Ertzaintzaren jazarpena jasan zutela salatu zuen IAk. Araban, gainera, Ertzaintzak hainbat ikasle identifikatu zituela jakinarazi du.

Mobilizazio eguna ikasleen eskubideak errespetatzen ez dituen hezkuntza sistema «espainol eta autoritarioaren» aurka egiteko antolatu zuen. Bide batez, ordea, azken hilabeteotan «inposatu dituzten neurriei» erantzuteko ere baliatu zuen. Besteak beste, Euskal Herria terminoa testuliburuetatik kentzeko saiakera, Nafarroan Hello eta TIL ereduen ezarpena edota Lakuako hezkuntza sailburuak orain astebete aurkeztu zuen eredua kritikatu zituzten kaleetan. Horrez gain, ikasleek gogor deitoratu zuten indarrean jarri berri den ikasleen eskubide eta betebeharren dekretua, izan ere, «atzerakoi eta zigortzailea» dela uste dute.

Honakoa hezkuntzan gertatutako «eraso espainol eta autoritario handiena» dela deritzote. Horregatik, «dagozkien eskubideen defentsan» erantzuteko deia luzatu diete ikasleei. Gainera, ertainetako ikasleak kalera atzo atera ziren arren, unibertsitateko mobilizazioak ostegunean izango dira.

Arriagan hitzordua

Gaur, 17.30etatik aurrera, Bilbon Euskal Herriak Bere Eskolak burutuko duen manifestaldian parte hartzera deitu ditu ikasleak IAk. Baina ikasle mugimenduaz gainera, LABek, Sortzen-Ikasbatuazek, ezker abertzaleak, EAk, Elkartzenek, Euskaria Fundazioak, Bai Euskal Herriarik, Segik, Gazte Abertzaleak-ek, EHEk eta EHBFk ere azaldu diote atxikimendua Arriagatik «Inposaketarik ez! Euskal Herriak bere hezkuntza» lelopean aterako den mobilizazioari. Eragileez gain, ehunka herritarrek ere eman diote babesa manifestaldiari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo