GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

«Banu» edo «banio»

Banu, bagenu, balu, balitz... Euskaran kasu honetan, baina seguru nago hizkuntza guztietan direla pareko aditz forma aldrebesenak, nekagarrienak eta hutsenak, aldi berean. Banu, ez banu...

«Hau edo hura egin izan banu», «halako esan banio»... Aldez aurretik badakigu erantzunik sekula ez dugula izango eta, hala ere, ezin, ezin etsi, ezin tentazioari eutsi. Oharkabean dugu pertsonok, batzuek besteek baino gehiago bada ere, egin dugunaren eta egiteko utzi dugunaren inguruan pentsatzeko joera. Horren kontzientziarik izan gabe askotan eta horregatik «banu eta ez banu» horretan non goazen ere jakin gabe egiten ditugu kilometroak autoan goazenean, bide bazterrean kokatutako radarren aurretik zein abiaduran pasa garen ohartu ere egin gabe... «Banu», «banio», «balitz»...

Orain gutxi elkarrizketa batean pertsona bat isiltasunaz mintzatu zitzaidan, isiltasun sakonaz, isilik egotea baino harago doanaz, hobeaz, baina, aldi berean, lortzen zailagoaz. Barne isiltasunaz mintzo zen, buru lasaitasunaz, daukagunarekin eta egin dugunarekin gustura sentitzeaz...; «banu» eta «banio» horiek alboratzeaz, akaso; niri behintzat horiek etorri zitzaizkidan burura alferrikako «banu» eta «banio» asko.

Ez zen txikikeriez ari, erabateko isiltasunaz ari zen bera eta saiatuaren saiatuaz oraindik ere lortu ez duenaz. Isiltzea baino zailagoa baita isiltasuna lortzea.

Hitz haiek entzun eta honen eta bestearen barne isiltasunean pentsatzen hasi naiz. «Banu» eta «banio» arinekin gidatzen duten horiez akordatu naiz, «banu» eta «banio» handiak izan ditzaketenetan, baina, batez ere galdera horien atzean ezkutatzen den horretan hasi naiz pentsatzen, horiek gure buruari egiteko ditugun arrazoi eta beharretan; horien zentzugabetasunean eta erabilpenean, irakaspenean... Hutsak dira, baina, era berean, etorkizuneko «badut» eta «badiot» horiei zentzua ematen die nolabait, arrazoitu egiten ditu. «Urteek erakutsiko dizute» esaera horren muina dira. Hark esan zidan, urteen eta saiaturen poderioz lor zitekeela isiltasuna, esperientziaz ari zen akaso, zahartzeaz agian...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo