GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zuberoa zeharkatuko duen gasbide proiektu berriak 1993ko herri mugimendua ekarri du gogora

Joan den martxoaren 4an Europako Batzordeak 1,39 miliar euroko diru laguntza onartu zuen 31 gasoduktu proiektutara bideratzeko. Horietariko batek Zuberoa zeharkatuko du. Egitasmo horrek gogora ekarri du 90eko hamarkada hasieran Zuberoan proiektu horren lehen ardatzaren aurka izandako herri mugimendua.

p020_f01_250x144.jpg

Ainize BUTRON

Zuberotarrek 1989an izan zuten beraien herrialdea zeharkatuko zuen gasoduktu proiektuaren berri. Garai horretan, 2010. urte honetan gertatzen ari den bezala, informazioa prentsaren bidez ukan zuten. Proiektua gauzatu bazen ere, herritarren mugimendu azkarra piztu zuen 90eko hamarkadaren hasieran, eta gertakari hori zuberotar askoren gogoan dago oraindik ere.

1993an, Estatu frantsesetik Afrikarekin lotzeko lehen ardatza eraiki zelarik, Larraineko auzapeza gaztea zen. «Txikia nintzen garai horretan, baina, gogoan ditut gasoduktua pasarazteko egin ziren obra erraldoiak», adierazi zuen Sebastien Uthurriaguek. «Larraineko gasbidea» izendapena hartu duen proiektu berriari dagokionez, auzapezak argi utzi nahi izan zuen aurrez ez dutela horri buruzko inongo informaziorik jaso. «Larrainetik kanpo beste hainbat herri zeharkatuko ditu gasbideak. Berriki Nafarroa iparraldeko herriekin bildu gara, eta inork ez du gaia aipatu; ez geunden inondik ere jakinean», zehaztu zuen Uthurriaguek.

Lekuko beste hainbat agintariren ahotan ere entzun dira haren erranak. «Lehen proiektua izan zelarik era berean gertatu zen», gogora ekarri zuen Pierre Vislairek, 1990ean gasoduktuaren aurkako «Gazpard batzordean» parte hartu zuenak. «Informazio guztia prentsaren bidez izan genuen. Ez zuten herritarrak jakinean jartzeko ardurarik ere hartu», salatu zuen.

11 miliar metro kubiko gas

1993an Zuberoako gasbidea eraiki zelarik Estatu frantsesetik Afrikaranzko ardatza egin zuten. Ekonomiaren Sustapen Planaren barnean sartzen da joan den martxoaren 4an Europako Batzordeak bozkaturiko proiektua, eta Afrikatik Estatu frantseseranzko ardatza egitea aurreikusten dute bertan.

Joan den azaroaren 3an kaleratu zen lehenengo albiste baten arabera, CRE energiaren arloko batzorde arautzaileak azaltzen zuen gas eskaera nahiko handia dela gaur egun 2013ra bitartean Larraineko interkonexioaren bolumena bikoizteko.

Larraineko gasoduktutik Estatu frantseseko kontsumoaren %10 barnatzen da, eta bikoiztuz, «zuzkidura eta lehiaren segurtasuna indartuko» liratekeela diote. Konexio berri horri esker, bi norabideetan 11 miliar metro kubiko garraiatzeko ahalmena izango luke, beraz, Larraineko gasoduktuak. Obrak 2013ko apirilaren 1ean abiatzekotan daude. Gaur egun, Zuberoa eta Nafarroa zeharkatzen duen gasbideak, urtean, 3,3 miliar metro kubiko gas garraiatzen ditu iparraldetik hegoalderantz.

Berria zabaldu dela-eta, Larraineko auzapezak Nafarroa Garaiko iparraldeko herrietako auzapezekin elkartzeko asmoa duela jakinarazi zuen. «Gauzak gu gabe erabakitzen dira. Europak bozkatzen du eta proiektuak egiten dira. Ondoko egunetan Otsagabia eta Luzaide herrietako auzapezekin bildu, eta ikusiko dut ba ote zeukaten egitasmoaren berri. Eta, proiektua zehazteko eskatuko dut», adierazi zuen Uthurriaguek.

Pierre Vislairek, bere aldetik, nabarmendu zuen zaila dela esatea 1990eko hamarkadan Zuberoan sorturiko herri mugimendua berpiztuko ote den. «Ez dakigu sekula nola abiatzen diren halako mugimenduak. Normalean horrelako proiektuak finkatzen direnean herrialdean herri baliagarritasunari buruzko azterlan bat egitera behartuta daude. Ikusiko dugu orduan zer gertatzen den», esan zuen.

1989-90an sorturiko «Gazpard batzordean» gehienak laborariak ziren. «Gasbideak zeharkatu behar zituen lurretako laborari asko bazen. 60 zentimetroko diametroko hodiak, eta metro bateko sakoneran kokatu zituzten. Jakinez mendiko eskualde batean gaudela horrek sor zezakeen hondamendia salatu zuten», argitu zuen Vislairek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo