GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Udaberriak dakarrena

Udaberrian sartu garen honetan, histura eta hotza atzean utzi eta epeltasunari, koloreari eta irribarre errazari bide ematen diegulako sentsazioaren ondorioz, hainbat pentsamendu etorri zaizkit burura.

Lehenik eta behin, sentimendu hori zergatik dugun. Edo hobeto esanda, denok dugun ala eguraldiak ikaragarri eragiten digunoi baino ez zaigun sortzen. Baita gazte jendearen ondare den ala aspaldi gazte izateari utzi ziotenek ere berdin bizi duten. Ondorioztatu dut nahiak sortzen duela sentimendua, eta eguzki-printza bakoitza zoriontasun-promesa bihurtzeko ahalegin osoa egiten dugula. Saiakera horretan, jakina, ingurunearen laguntza izaten dugu: berdetasuna, «epelxeagotasuna» eta jakina, nonahi erdi biluzik posatzen duten pertsonak ikusteak inkontzienteki eragiten digun udarako pasabide mentala.

Zenbat aldiz entzun ote diedan gizonei udaberria maite dutela, zer eta emakumeon azala askoz ere ikusgarriago bilakatzen delako, arropa-azalak gero eta gehiago erantzita. Eta zenbat bider alderantzizkoa emakume ugariri, arrazoi berbera dela-eta, inolako pasabiderik barik kalbarioa datorkielako: norberaren konplexuen areagotzea, ingurunearen presio handia, unean uneko edertasun ofizialaren bilaketa nekeza.

Egungo modako kanpainak, iragarkiak, aldizkari eta telebistatik iristen zaigun emakume-irudia badakigu zertan diren, nolakoak izatera bultzatu nahi gaituzten, eta gehiago edo gutxiago denok nabaritzen dugu zein modu basatian egiten den. Urte batzuk dugunok, behintzat. Urte horiek ditugulako, hain zuzen, lehen ere eta aurretiko beste belaunaldi batzuentzat ere hala izaten zela badakigu, garai hartako estereotipo eta modei lotuta, besterik ez. Orduan, emakumeak ederra izan behar zuen, ama-itxura osasuntsu eta garbiaz, etxea, senarra eta haurrak apain-apain zeramatzana, sexytasun puntua galdu barik, jakina. Orduko gaztetxoak oraingo ama helduak dira, orduko andreak oraingo amonak.

Eta horiek ere mezua barneratuta hazi dira. Horiek ere, udaberria iristen denean, ispilu aurrean jarrita, jira eta bira eta aurrera eta atzera, arropa erantzi eta euren gorputzeko arrastoei begira jartzen dira. Udaberria eta amodioa eta sedukzioa ez direlako gaztetasunarekin amaitzen, gizarte honetan kontrakoa badirudi ere. Egongo delako azala nork begiratuko dien, izango dutelako mezua barnean oihuka. Emakumeon «funtzio apaingarria» desagertu barik, areagotuz baitoa, gu guztion kalterako. Presioa nork bere adinaren arabera bizita, naturak eta bizi-esperientziak ez baitute barkatzen. Nahiz eta agian, agian, zerbait irakatsi diguten, absurduaren ikasgaia, esaterako.

Amonaz oroitzen naiz beti udaberrian, bereziki. Bere sabelari helduta «nondik atera da hau?» begiekin galdezka gogoratzen baitut, haserre antzera. Ama dut ondoan, gaztetako argazkiei begira «zein ederra nintzen eta alferrik zertan sufritzen nuen galdetzen diot nire buruari» esanez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo