GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Juan M. Sansinenea Makazaga Industria Ingeniaritzan doktorea

Guk ez genuen Sir Thomas Smith bat izan, behar izan genuenean

Hemen, bakarrik sistemak hutsegite nabarmen bat egiten duenean -Joxe Arregi, Unai Romano edo Portu eta Sarasolaren kasuetan adibidez-, orduan taularatzen da antzerkitxo aspergarri bat. Gehienez bi edo hiru urteko kondena («via crucix» luzea pasa ondoren gertatutakoa frogatzeko) eta kalera. Merke irteten da Estatu honetan tortura, hain larria den krimena

Duela gutxi, Ingalaterran, polemika bat izan da terrorismoaren eta honen aurka aritzeko Estatuak erabilitako metodoen inguruan. Kasu honetan, iritzi publikora azaldu dira islamiar «mehatxua» delakoari buruz britainiar Estatuak eman dezakeen erantzunaren inguruan bi iritzi kontrajarriak: alde batetik, «garantistak», Ingalaterra eta Galeseko Helegite Auzitegiaren presidente (Lord Chief Justice) Lord Igor Judge eta beste hainbeste epaile. Bestetik, «eraginkorrak», eta horien artean, Kim Howells, Westminsterreko parlamentaria eta Ganbera horretako Segurtasun eta Inteligentzia Batzordeko burua. Eraginkorren artean ere, espero genezakeen bezala, MI5ko zuzendari orokorra, Jonathan Evans. Ez dira hauek auzi honetan lerrokatu diren bakarrak, baina bai agian ezagunenak. Britainiar epaile batzuek sinesgarritasuna ukatu omen zioten MI5ko agente bati (Lekuko B izendatu dutena), islamiar atxilotu bat (Binyam Mohamed) «hitzez presionatu» omen zuelako. Hortik sortu da polemika. MI5k «giza eskubideak ez zituela errespetatu eta Parlamentua nahita engainatu zuela» baieztatu zuten epaile britainiar horiek, bestelako salaketa gogorrez gain. Beren ikuspuntua indartzeko, epaile britainiarrek, sententzian, gogora ekarri zituzten Sir Thomas Smithek (1513-1577), Elizabeth I.a Ingalaterrako erreginaren kantzilerrak, torturari buruz esandako hitzak: «Gure nazioaren natura librea, sendoa eta harro da», «bizitza eta odolarekin emankorra», «baina ez du toleratzen ez irainik, ez jipoirik, ez morrontzarik, ezta zigor edo menpeko zerbitzurik ere». Hitz irmo horiek, XVI. mendean esanak, entzutean ulertzen da oraingoko Britainia Handiko epaileek duten independentzia Gobernuaren metodoen aurrean.

Espainiako Erreinura itzuliz eta konparaketa historiko bat eginez, Sir Thomas Smithen garaian Felipe II.ak agintzen zuen. Ez dirudi ez, Felipe II.a, ez haren kargu politiko nagusiak (Granvela, Antonio Perez, edo Mateo Vazquez) giza eskubideen alde eta, batez ere, torturaren kontra aritzeaz asko arduratu zirenik. Garai horietan espainiarren Koroaren kezka nagusietako bat Alpujarren matxinadaren aurka aritzea zen. Inkisizioaren metodo «azkar eta eraginkorrak» eguneroko gauza ziren. Urte batzuk geroago, 1609an, hain zuzen, Felipe III.aren erreinupean eta Lerma dukeak bultzatuta, 200.000 «morisko» baino gehiago egotziak izan ziren Erreinutik -Espainiaren giza eskubideekiko «konpromisoaren» beste etsenplu adierazgarri bat-. Garai hartako «moriskoak», orain euskotar askok bezala, ez ziren erraz «doitzen». Beti izan dut susmoa oraingo Espainiako politikari batzuen buruetan ez ote dabilen Lerma dukearen metodoa «euskal auzia»ri konponketa emateko, «Endlösung der Basken Frage» behin betiko batean.

Aurrekari historiko hauekin ez da harritzeko Euskal Herrian eta Estatu espainolean torturaren inguruan erabiltzen den praxia eta espainiar epaileen jarrera. Estatu espainolean erabili da tortura frankismoan, Trantsizioan eta gaur egun ere bai, disidentzia armatuari eta armarik gabeko disidentzia politikoari aurre egiteko. Hemen torturatzen da, bai armekin harrapatutako pertsonak, bai egunkarietako zuzendariak. Berdin du NBEko kontalari Martin Scheininek edo Theo Van Bovenek zer esaten duten. Hemen, torturaren erabilera estatuko arrazoi gisa definituta dago eta botere kate guztiek, hau da, Montesquieuren hiru botereek, jokatzen dute bere rola. Hemen batzuei (gaiztoei) beraien metodoak aurpegiratzen zaizkie, esanez baliabide oker horiek «kontaminatzen» dutela euren helburua (Euskal Herriaren autodeterminazioa). Bitartean, beste batzuek (onek) Inkisiziotik oinordetutako «metodo eraginkorrak» erabiltzen jarrai dezakete, zigorgabetasun osoz eta beren helburua (Espainiaren batasuna) inoiz auzitan ikusi gabe. Egia da aspalditik bagenekiela Boterea, Eskubidearen (eta Etikaren) iturri garrantzitsua dela. Salaketa izanez gero, beti izango da epaileren bat, bere «rol historikoaz» kontziente dena eta «ETAren eskuliburua»ren aitzakia erabiliz, auzia alboratuko duena. Dirudienez, Ingalaterrako Al Kaida-koek ez dute eskulibururik, agian analfabetoak direlako. Hemen, bakarrik sistemak hutsegite nabarmen bat egiten duenean -Joxe Arregi, Unai Romano edo Portu eta Sarasolaren kasuetan adibidez-, orduan taularatzen da antzerkitxo aspergarri bat. Gehienez bi edo hiru urteko kondena (via crucix luzea pasa ondoren gertatutakoa frogatzeko), eta kalera. Merke irteten da Estatu honetan tortura, hain larria den krimena.

Ingalaterrak Sir Thomas Smith bat izan zuen, Espainiako Erreinuak Inkisizio bat izan zuen bitartean. Ondorioz, orain beraiek Lord Igor epailea duten bitartean, guk Garzon, Grande Marlaska eta gainontzekoak ditugu. Antzeko gauza esan dezakegu komunikabideei buruz. Beraiek, «The Guardian» edo «The Observer» duten bitartean, guk, «El Mundo», «El País», «El Diario Vasco» eta «El Correo» ditugu. Mundu honetan ezer ez da kasualitatez gertatzen.

Une honetan, eta testuinguru ekonomiko batean, Europako iparraldeko herriek (Ingalaterra barne), Europako hegoaldekoak (Espainia barne), PIGS (txerriak) izen kolektiboarekin izendatzen dituzte. Ez da harritzekoa. Sir Thomas-en garaietara berriro itzuliz ez zaigu asko kostatzen beraren eta Elisabeth I.a Erreginaren arteko balizko elkarrizketa bat irudikatzea: «Not only they are pigs, they also behave as such».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo