GARA > Idatzia > Kultura

«Hats berri bat ekarri nahi diogu elkarteari, eskaintza aberasteko»

p056_f01_97x140.jpg

Joana Itzaina

Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakaria

Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari berria, orain gutxi izendatutakoa alegia, Itsasun jaioa da, 1981ean. Ortofonista lanbidez, Kanbon bizi da eta Garaziko helduen bertso eskolako kide eta sortzaileetariko bat da. Epaile gisa aritu bada ere aldi labur batez, gai-jartzaile eta gai-emaile lanetan dabil orain.

Jon GARMENDIA «Txuria» | BAIONA

Beti du irriñoa aurpegian, eta seriotasunez kalakan ari bada ere, umorezko kolpeak erabiltzen ditu hizketaldiak bukatzeko tenorean. Prestakuntza eta gaitasuna, xarma eta umorea. Lau balore hauek uztartu eta bide horretarik Bertsularien Lagunak elkartera freskotasuna ekarriko duela antzematen da. Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoko bertsolari eta bertsozaleen lehendakaria izendatu dute berriki, eta postu horretan lan bikaina egin duen Jexux Arzallus inguruan ukanen du zuzendaritza berrian.

Nor da Joana Itzaina ?

1981ean sortu nintzen Baionan eta Itsasun handitu naiz. Ortofonista ikasketak Montpellierren egin nituen, eta bukatuz geroz, Garazin ari naiz lan horretan, ene gain. Gaur, Kanbon bizi niz. Ttipitan saioz saio ibiltzen ginen familian, aita epaile edo gai-emaile zela, eta uste dut beti gustatu zaidala bertsularitza. Ikasketa garaian pixka bat bazterrera utzi behar izan nuen, baina honat berriz jitean, hurbildu nintzen berriz mundu horretara.

Beraz, ortofonista zara lanbidez... Zergatik hautatu zenuen langintza hori ?

Ortofonista batek komunikazioarekin arazoak dituzten pertsonekin lan egiten du, haur ttipitik adinean aitzinatua den pertsonaraino. Izan dadin mintzoa, idatzia, logika eta arrazoinamendua, memoria edo ahotsa. Beharbada kalakaria naizelakotz eta mintzatzea maite dudalakotz hautatu nuen lanbide hori.

Euskal Herriko bertsulari txapelduna lehenekotz emazte bat da, zu ere lehen aldiz hautatu zaituzte Lapurdi-Baxenabarre-Xiberoko Elkartearen lehendakari... bertsu munduan zerbait aldatzen ari al da genero aldetik ?

Bertsu munduan zerbait aldatu dela azken 40 urteetan, dudarik ez da, aski da horrendako duela zenbait urtetako saioen irudiak begiratzea. Boneta lerrokadak baizik ez ziren ageri publikoan! Gero, uste dut emeki-emeki publikora emazteak sartu zirela, eta nola ez, taula gainera igan ere! Garai batzuetan debekatua zitzaien bertsutarako bidea, baina beti izan dira emazte bertsulariak, mende hasierako auzi batzuetan ere agertzen dira Lapurdiko herrietan emazte koblakariak. Nik neuk, ez dut sekula emazte izateagatik gehiago borrokatu behar izan, beraz, pertsonalki ez dut bereziki emazteen borrokaren garaipen bat balitz bezala ikusten izendatze hori! Errespetua zor zaie zinez sexu bereizkeriagatik borrokatu behar izaten dutenei. Uste dut emazte gehiago izateak baino, beste ezaugarri batek harritzen nauela gaurko bertsularitzan, hau da, gaztetasunak.

Beraz, berriki izan zara hautatua elkarteko lehendakari gisa, eta anitz jenderi ezezaguna zaiolarik betebehar horren garrantzia... zein da lehendakari baten zeregina ?

Ministro onen hautatzea eta boterearen gehiegikeria eta luxuetan itotzea: xanpaina, limousine-ak eta korrupzioa... Ez, zintzoki, talde lana da gurea eta lehendakaria aipatzen bada ere, denek elkarrekin egiten dugu lan. Talde horren koherentzia da elkartearen geroa babesten duena, proiektu berrietan buru-belarri sartzeko ausardia eman dezakeena, eta zailtasunak egonik eskastu ordez aitzina egiteko bidea aurkituko duena. Ez da lan ttipia, baina eztabaidan eta elkarrizketan egiten da, helburua ez da denek iritzi bera izan dezagun, baizik eta bakotxak libreki mintzatzeko lekua suma dezan elkartean.

Eta berrikuntza...

Bai, elkarteko zuzendaritzan bederatzi kide gara egun, aitzineko zuzendaritzatik hiru kide atera dira, eta beste bi berri sartu. Sei urtez lehendakari kargua eraman duen Jexux Arzallusek kargua utzi du, eta zuzendaritzan segituko du aurten, beharrezkoa baita haren esperientzia eta aholkularitza. Langileen aldetik, elkartean transmisio eragile gisa izugarriko lana egin duen Karlos Aizpuruak ekainean lanpostu hori utziko du. Hemendik eskertu nahi nituzke Jexux, Karlos, Maialen Hiribarren, Iker Elosegi eta Kepa Murua, lehendakaritzan, transmisioan, diruzain gisa eta sustapenean eman duten denborarendako. Hats berri bat ekarri nahi diogu elkarteari orain, ideia freskoekin betiko ekimenen berritzeko, eta gure lurraldeetako bertsularitza arloko eskaintzaren aberasteko.

Zertan da Bertsularien Lagunak elkartea?

Aurten 30 urte ospatzen ditu eta 160 bat bazkide ditu. Beraz, ospatzeko urtea dugu, eta txapelketa, besteak beste, horretarako hor dugu, baina laneko urtea dugu ere bai. Transmisio sailean, hau da irakaskuntza arloan, lan egin nahi dugu. Bertsu eskola berriak sortu nahi genituzke, gaur egun abian direnak azkartu eta haurrei bertsularitzaren inguruko giroan hausnartu eta goxatzeko parada eskaini. Bertsulari bihurtu gabe ere zaletasuna garatzen ahal dute, baita lagunarteko giro berezia ere, hizkuntzan oinarritua. Bertsu eskola batetik ez delako nahitaez bertsulari bat atera behar, bertsularitzak beharrezkoa du mundu honekin sentsibilizatua den pertsona, arte honen zirrikitu eta ertzak ulertuko dituena, eta batez ere bertsuarekin goxatuko duena. Bertsularitzak ezinbestekoa du bertsuzalea, entzulea, epailea, gai-egile eta emailea... eta horietako anitz eta anitz bertsu eskoletatik ateratzen ari dira.

Aita bertsozale amorratua, euskaltzalea... biziki ezaguna duzu kultur munduan, aholkurik badu zuretzat ?

Ene ustez, Xalbadorrek Mizel semeari Kanbon bertsutan eman zion aholkua ez lezakeela uka: «...sekula santan ez hadi egon huts egiteko beldurrez».

 
GAZTEA

«Uste dut emazte gehiago izateak baino, beste ezaugarri batek harritzen nauela gaurko bertsularitzaren munduan, hau da, gaztetasunak»

ZALETASUNA

«Bertsu eskola batetik ez da nahitaez bertsulari bat atera behar, bertsularitzak beharrezkoa du mundu honekin sentsibilizatua den pertsona»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo