GARA > Idatzia > Kultura

Bermeon bildu lagunen arteko xamurtasunak «Asel askatu» du eskatu

p057_f01_88x68.jpg

A. BILBAO | BERMEO

Iragan Gabon zahar egunean preso hartu zuten Asel Luzarraga idazlea Txilen, eta Euskal Herrian utzi dituen lagunak bildu ostean elkartasun jaialdia eskaini zioten herenegun Bermeon, bertan bizi izan baitzen urte batzuez.

Kafe Antzokia «Asel aske!» zioen pankartaz eta oihuz apaindua zela, 21.30ak aldera hasi zen jaialdia. Aretoa lepo eta giroa bero, Edorta eta Irati Jimenez aita-alabak izan ziren aurkezle, eta beraiek entzuten nahiko zeregin izan bagenuen ere -musika isiltzean etengabekoa zen jendearen berbaroa- musikarien arteko katea osatu zuten, bizkor eta arin.

Tarte eta hutsunerik gabe, musikariak errenkadan agertu ziren oholtza gainera, molde akustikoan kantu bana jotzera. Aurrena, pantaila erraldoi batean Luzarragaren atxiloketaren irudiak ikusi genituen, Fermin Muguruzaren «Maputxe» kantuak girotuta, «lurraren jendearen» alde egindako lanagatik atxilotu baitute Asel, lagunen esanetan.

Oholtza buruan «Aske!, errugabea delako» leloa zela, Gatibu taldeko Alex Sardui -ahosoinua eta guzti- eta Haimar Arejitak ireki zuten jarduna, «Ez dot sinesten» jotzeko. Eta Ruper Ordorikak hartu zien segida, Tapia eta Leturiarekin batera «Ez da posible» kantatu, eta hitzen hautaketa ere apropos egina zela argi uzteko.

Aselek Txiletik entzuteko besteko jeupadak jaurti ostean -aselaskatu.org webgunean jarrai daitezke-, eta Luzarragari mezuak 668 802 351 telefonora igortzeko jendea animatuta berotu zen gaua.

Kerobia laukotean azaldu zen, eta oholtza utzita, areto erdian, jendartean bukatu zuten «Itsasoa» kantua, eta gazte jendea sutu. Iruindarrei Petti beratarrak hartu zien lekukoa rock & roll doinuak indar garratzez kantatzeko. Asier Serrano izan zen oholtzara agertzen hurrengoa, Luzarragarekin azkenengoz egon zenekoa gogoratu -elkarrekin eman omen zuten gaua Durangoko Azokan- eta «Berandu gabiltza» jotzeko. Edorta Jimenezek Luzarragak idatzi aurreneko liburua ere jaso zuen oholtza gainera, eta Txalaparta argitaletxeak «Abaraska», Aselen azken emaitza literarioa, izan zuen salgai aretoan.

Mikel Urdangarin eztarria urratua zuela agertu zitzaigun, Aseli besarkada bat bidaltzeko, eta jaialdian parte hartu zuen emakume musikari bakarrak, Leire Saituak, proposamen ausartena eman zuen, aurrez grabatu base erritmiko baten gainean dantza eta dantza, «sano dagoen kultura batean arrak emeari jarraitzen dio, jakin badakielako emeak jakin badakiela» kantuka.

«Maitatzen zaitudalako»

Bizkor eta hunkigarri zihoan gaua, baina Punkamine taldeko kantari ohiaren elkartasun jaialdia Tapia eta Leturia bikoteak jarri zuen sutan -eta nerabeak dantzan!-, «Maitatzen zaitudalako» abesti ikaragarriarekin. Joseba Irazokik berarekin daraman ohiko «bizipoza» agertu zigun gero, eta Txuma Murugarrenek «Ez dakit» fina kantatu, jendeak lagunduta.

Iragarrita ez zegoen arren, Jon Enbeita ere bildu zen jaialdira -bertsotan ere agurtu zuen Asel-, Rafa Ruedarekin batera. Azken honek, jaialdiaren ardura musikala bere gain hartzeaz gain, jaialdia itxi zuen bakarlari; eta Bermeoko OST metal taldeko anaien atzetik, kantu zoragarri bat jo. Aurretik baina, gazte jendearen une gustukoenetarikoak eman zituzten Ken 7ko Eñaut Elorrieta eta Beñat Sernak «Zapalduen olerkia» jota eta The Uski´s familiarteak, seikotean eta «Gitarra eskuen».

Eta bukatu aurretik, Asel berak agurtu gintuen bideoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo