GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

izotz-eskalada Jarduera gogorrak

Kalitatea eta estiloa dantzan hasten direnean

Nazioarteko jardueren artean, nabarmentzekoa da Ines Papertek Eskozian eginiko bidaia. Hango eskalan VIII. zailtasuna lortu duen lehen emakumezkoa da. Austriar sokada batzuk gogor aritu dira Norvegian eta Maltatalen. Eta Jeff Mercier, zailtasuneko mistoan.
p052_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Oraindik orain, apurka-apurka jasotzen ari gara zailtasuneko izotz-eskaladako zein mistoko berriak. Jarduera gogorrak dira, eta estiloari dagokionez ere, bikainak. Eskozia, Norvegia, Austria eta Frantzia dira azken albisteen joko eremuak, horietan erdietsitakoak baitira jarraian dakarzkizuegun eskalada esanguratsuenetarikoak.

Eta kronika honekin hasteko, lehenik eta behin, emakumezko baten izena aipatu behar dugu: Ines Papert. Garai batean alpinista aleman hau oso ezaguna egin zen izotz-eskaladako nazioarteko lehiaketetan ia dena irabazi zuelako. Denboraren poderioz, Papertek lehien mundua alde batera utzi, eta alpinismoan murgildu zen. Azken urteotan gogotsu zein indartsu dabil zailtasuneko izotz-eskaladan, mistoan zein pareta alpinoetan.

Orain, berriz, bere ibilbidean beste urrats bat eman nahi izan du, eta Ian Parnellek gonbidatuta, Eskozian eskalatzen izan da lehen aldiz. Eta nola, gainera! «Abentura berriak nahi nituen, eta mistoko bide gogor ekipatuetatik ihes egin nahi nuen. Horrela, Eskoziara joan nintzen neguko eskalada tradizionala egitera. Ekipatutako M13 zailtasuneko bideak egin ditut, baina Eskoziakoa beste mundu bat da. Ez duzu ia izotzik ikusten eta eskalatzen; beti izotz zuria edo antzigarra duzu aurrean», adierazi du Papertek.

Eta, inolako zalantzarik gabe, alpinista alemana ondo baino hobeto moldatu da estilo eskoziarrera.

Zailtasun gorenean

Eskoziako eskaladari neurria hartu ondoren, Papert goi mailako bideetan sartu zen. Glen Coe alderdian, adibidez, «Unicorn» marra (VIII 8, 130 m) igo zuen Parnellekin. Hots, Eskoziako eskalan gradu hori lortzen lehen emakumezkoa izan da. Zailtasun horretako beste bide batzuk ere poltsikoratu zituen: «Little nipper» (60 m, lehen igoera), «Blood Sweat and Frozen Tears» (errepikapena) ...

«Diedro ederra da `Unicorn' bidea. Hori bai, neure burua erabat estutu nuen. Gogor borrokatu behar izan nintzen, pauso gogorrenean edo gakoan, huts eginez gero, 12 metroko erorikoa bainuen», azaldu du alemanak.

Bien bitartean, Albert Leichtfried eta Benedikt Purner Norvegian izan dira. Eta, oro har, austriar sokada honek jarduera ederrak sinatu ditu. Austriarrek diotenez, «Norvegiakoa inoiz egin dugun bidaiarik interesgarrien zein ederrenetarikoa izan da». Egin dituzten jardueren artean nabarmentzekoak, honakoak: «Roadside» (WI7 X, 80 m) eta «Storfossen» (WI7- X, 170 ).

Markus Pucher eta Markus Steiner, berriz, Maltatalen aritu dira gogor. Austriako eremu hartan «Ingendwie ander» bidearen lehen igoera egin dute. 120 metro luze da, eta sokadak marra horrentzat WI7 X zailtasuna proposatu du.

Eta amaitzeko, Jeff Mercier aipatu behar dugu. Gorges de la Biayssen (Frantzia) «Sagagnasse sound system» bidea bistaz eskalatu du. Erori handiko mistoko marra gogor hori Yann Ghesquierrek zabaldu zuen iazko otsailean eta hiru luze ditu: M6/WI4, M10/11 eta WI4+.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo