GARA > Idatzia > Ekonomia

Bost lagun hil dira Perun, meatzarien eta Poliziaren arteko liskar gogorretan

Peruko Gobernuak indarrean jarri nahi duen lege baten kontra protesta egiteko, milaka meatzarik Panamericana errepidea itxi zuten igandean, eta horien eta bertara joandako polizien arteko liskarretan bost lagun hil ziren atzo, eta beste 29k zauriak izan zituzten.

GARA

Gutxienez bost lagun hil ziren atzo Perun, eta beste 29 zauritu ziren, greban dauden eta Arekipa eskualdean Panamericana errepidea moztu zuten meatzarien eta Poliziaren arteko liskarretan, herrialde horretako Barne Ministerioak adierazi zuenez. Iturri honek ez zuen argitu hildakoak meatzariak ote diren, baina litekeena da batzuk behintzat grebalariak izatea. «Peru 21» hedabideak aipatu zuenez, biktima baten senideek azaldu zuten hildakoa taxilaria zela, eta bala batek jo zuela zauritutako lagun bati laguntzera zihoala.

Zaurituei dagokienez, Barne Ministerioaren datuen arabera, hogei herritarrak ziren, eta beste bederatziak, poliziak.

«Poliziak tiro egin digu»

Bestalde, meatzarien buruzagi Rafael Seminariok azaldu zuen Chala herrian hiru hildako izan zirela. «Poliziak tiro egin digu», salatu zuen Canal N-ri egindako adierazpenetan.

Inguru guztian «larrialdi egoeran» ezarri zuen Peruko Gobernuak atzo, eta, horregatik, Poliziak baimena zuen armak erabiltzeko, herrialde horretako hedabideek nabarmendu zutenez. Hildakoez eta zaurituez gain, atxilotuak ere izan ziren atzo, 32 gutxienez, Peruko agintariek adierazi zutenez. Horietatik lau adin txikikoak ziren.

Istiluak igande gauean hasi ziren, 6.000 bat lagunek Hego Amerikako errepide nagusia, Panamericana, blokeatu zutenean, 616. eta 620. kilometroen artean. Beraien asmoa, Peruko Gobernuak Madre de Dios inguruan meatzaritza arautzeko aurkeztu zuen legedi berriaren kontra protesta egitea zen. Itxitako errepidetik dozenaka mila ibilgailu igarotzen dira egunero, eta aurrera egin ezinik geratu ziren gidariak ateratzeko Armadaren hegazkinak igorri zituen Gobernuak.

hegazkinak

Meatzariek Hego Amerikako errepide nagusia, Panamericana, itxi zuten, eta mugitu ezinik ziren gidariak ateratzeko Armadako hegazkinak igorri zituen Gobernuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo