GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Gurutz Garmendia Azkoitia-Ondarroa

Arbasoen arbolak

Erromatarren aurkako eraso eta borrokaldietan oinarritzen dira gure sinesmen zaharretan mamitutako hainbat eta hainbat ipuin eta kondaira. Hirukote ederra osatzen dute Errezilgo erromatarren aurkako borrokak, Arburuko indartsuaren kontakizunak edo Aralarreko azken jentilen ipuinak. Aurreneko bietan euskaldunak irabazle suertatzen dira eta hirugarrengoan, aldiz, galtzaile. Azterketa latza eskatzen dute hiru ipuin horiek eta ganorazko erreferentzia idatziak oso gutxi diren arren, «La senda aborigen» liburuxka irakurri duenak azterketa zehatzagoa egin dezake kontakizun horietaz, ze badirudi historia ofizialak esaten diguna gezur hutsa dela.

Bestelakorik esaten bada ere, ezin gara gormutu geratu «eusk-al-herria» eta «wask-onia» izendapenen antzekotasun nabarmenaz. Ezta ere «Kantabria» edo «Kanta-uri» izenei egin zaien zentzu aldaketaz ere. Kantabroak, kantabriarrak edo kantauriarrak Kantauri itsasoaren kostaldean bizi zirenak ziren, eta ez soilik Done-Ander edo Sant-Anderrekoak. Urdeen Kastrokoak kantauriar ziren eta dira, baita Itzurun aldekoak ere. Erromatar eta kantauriarren arteko borroka ospetsuak gure arbaso euskaldunenak izan ziren, eta Baskonia zaharreko hainbat eta hainbat lurraldetan izan ziren borroka gogor haiek, bizi ala hileko emaitzekin, hainbat eta hainbat aldiz.

Dena den, guztiz sinesgaitz eta negargarria den arren, monumentuak gure herria inbaditzera etorri ziren inbaditzaile arrotzei egiten zaizkie, eta gure arbasoak astakirten basati gisa irudikatzen dira hainbat eta hainbat aldiz. Adar jotze bikaina benetan. Erromatarrak ez ziren hona hau zibilizatzera etorri, lapurretara baizik, eta hemen bezalaxe, beste toki guztietan ere gauza bera egin zuten. Zorionez, ordea, ahozko kontakizun, ipuin eta bertsoek oso bestelako jatorria izan genuela esaten digute. Agintaritza, «hagina» eta «haritza»-z osatzen da eta geure berri izateko arbasoen arbolen berri izan behar dugu. Sustraiak gure jatorrian daude. Enborra gaurko eguna da eta adarrak izango dugun etorkizuna. Nondik gatozen jakin behar dugu, nora goazen erabaki ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo