GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Errugbian ari diren neskek ere beren lekua aldarrikatzen dute

Errugbia kirol garrantzitsua da Euskal Herrian, batez ere Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Neskak ere badabiltza, baina zoritxarrez oso arreta gutxi jasotzen dute, nahiz eta Top 10ean dugun euskal ordezkaririk onena, han ari baita jokatzen ASB Baionako taldea.

p045_f01.jpg

Jon LEUNDA

Emakumezkoen errugbia ere ari da bere bidea apurka-apurka egiten. Zoritxarrez, ordea, komunikabideetan beraien berri oso gutxi agertzen da, nahiz eta bai Estatu frantseseko, bai Estatu espainoleko lehiaketarik handienetan euskal taldeak ari diren.

Frantziako Ligari begira jarrita, bai mutiletan, bai nesketan, Europako Ligarik garrantzitsuenetakoak hor daude. Mutiletan, Top 14a dago, eta hantxe daude bi euskal ordezkari, Biarritz eta Aviron Baionakoa. Komunikabideetan beraien berri bolo-bolo dabil. Jendetza handiak eramaten dituzte bi taldeek, baina emakumezkoetan ere badago Top 10a, eta Europako Ligarik garrantzitsuenetakoa da. Hauek, ordea, ez dute horrenbeste jende eramaten, zoritxarrez, eta komunikabideetan ez dira ia batere agertzen, nahiz eta bertan euskal ordezkari bat badagoen, ASB Baionakoa.

Estatu espainolean ere badago Liga, baina honen egitura oso ezberdina da, izan ere Kopako lehiaketa baita. Lehen fasean, liga moduan jokatzen dute bi multzotan banatuta. Batean hiru talde daude, eta bestean lau. Multzo bakoitzeko lehen biak sailkatuko dira finalerdietara. Bertan Getxo eta Gaztedi ari dira lehian, EAEko lehiaketako bi onenak.

Maila garrantzitsuei begiratuta, Top 10ean ASB Baionakoa aurki dezakegu. Talde lapurtarrari dezente kostatu zitzaion maila nagusira heltzea, eta hori lortuta, orain han jarraitzea dute helburua. Une honetan, bi partida besterik ez dira geratzen lehen fasea amaitzeko, eta euskaldunak bederatzigarren postuan daude. Orain arte jokatutako partidetatik 3 irabazi dituzte eta 13 galdu, eta bederatzigarren postuan daude 19 punturekin. Atzetik duen taldea urrun egon arren -Lille, 13 punturekin-, azken bi partidak irabazi beharra dauka posturen bat hobetzeko: zazpigarren Saint Orens dago 21 punturekin, eta zortzigarren Isere, 20rekin.

Estatu espainoleko Liga edo Kopa, gauza bera baita, hasi berria da. Kopa jokatzeko era berri honekin lehiaketa luzexeagoa egitea zen helburua eta lortu dute. Bertan Gaztedi eta Getxo ari dira.

Bi multzotan ari dira jokatzen, eta lehen fasea oso laburra egingo da, batean hiru talde besterik ez baitira, eta bestean, berriz, lau. Lehenengoan ari da Getxo taldea, eta bizkaitarrek jokatutako bi partidak irabazi egin dituzte. Gaztedi, berriz, bigarren multzoan ari da, eta multzo berean lau talde daude. Arabarrek ere lan ona egin dute, eta jokatutako hiru partidetatik bi irabazi dituzte. Gasteiztarrek eta getxotarrek bigarren fasean izatea zuten helburu, finalerdietan, eta elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak apirilaren 25ean eta maiatzaren 23an.

Etorkizunari begira garbi dago zein den taldeen helburua. ASB Baionakoak maila nagusian jarraitzea, eta apurka-apurka gorantz egitea ere bai, lehen postu horien borrokan sartzeko. Garbi dago, ordea, kirol munduan ere dirua dela nagusi, berak agintzen duela, eta Baionan ere gauzak ez dira errazak. Krisi garaia da, eta Lapurdiko hiriburuan errugbia nagusi bada ere, lehenengo Aviron da, eta are gehiago maila nagusian egonda. Hauek ere mailari eutsi nahirik dabiltza, eta garbi dago dirurik gehien beraientzat dela. Gero, ez da ahaztu behar Aviron eta ASB bi talde ezberdin direla, biak ere aurkari zuzenak, eta oraindik ere Baionan Aviron dela nagusi.

Lapurdira zabalduta ere, mutilen errugbi munduan hortxe dago beste erraldoi bat, Biarritz, eta zoritxarrez, eta nahiz eta neskak ere elite mailan egon, badirudi hondar batzuk besterik ez direla heltzen ASB taldeko neskentzat. Hala ere, maila nagusian jarraitzen dute, eta saiatuko dira heldu den urtean ere bertan jarraitzen. Mutilak baino askoz ere arreta gutxiago jasotzen badute ere, emakumezkoen errugbi munduan erreferente bat bihurtu da Baionako taldea Euskal Herrian, eta kirol honentzat sekulako garrantzia dauka Top 10ean jarraitzeak.

Getxo eta Gaztedi ere azkeneko urte hauetan Estatu espainoleko lehiaketetan onenen artean muturra sartzen ari dira. Zoritxarrez, ordea, hauek ere mutilen itzalpean bizi dira, nahiz eta bai bizkaitarrak, bai arabarrak gizonezkoen taldeak baino gorago dauden.

Hala ere, Getxori buruz azkeneko urte hauetan dezente hitz egin da, Kopan balentria latzak egin baititu, eta hala, zaleak beraiei begira jartzea lortu dute, baita komunikabideak ere.

Dena dela, ASB, Getxo edo Gaztedi ez dira Euskal Herrian emakumezkoen errugbian lanean ari diren talde bakarrak. Gehiago ere badira, nahiz eta hiru hauen izenik ez duten izango, baina lanean ari dira gogor, beren lanarekin edo ikasketekin uztartuz, eta betiere zaletasunagatik bakarrik. Beraiek lanean berdin jarraituko dute, baina hori bai, egiten zaiena baino arreta apur bat gehiago jartzea eskertuko lukete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo