GARA > Idatzia > Mundua

Gerrako krimenen berri emateagatik, Israelgo «Haaretz» kazeta itxi nahi dute

Israelgo Armadak Zisjordanian gerrako krimenak egin zituela frogatzen duten dokumentuak argitaratu zituen «Haaretz» egunkariak. Hori dela-eta, egunkari hori argitaratzeko baimena berehala bertan behera uzteko eskatu dute Israelgo parlamentariek.

GARA |

Israelgo eskuineko bi politikarik «Haaretz» egunkaria ixteko eskatu diote Gobernuari, bertako Uri Blau kazetariak Armada sionistak Zisjordanian gerra-krimenak egin zituela frogatzen dituen dokumentuak eskuratu dituela, eta horrek Estatuaren segurtasuna kolokan jartzen duela uste dutelako.

Uri Blauri dokumentu horiek eman zizkiona Anat Kam militar ohia da, gaur egun espetxeratua, bere aurkako biziarteko espetxe-zigor eskaera aztertuko duen epaiketaren zain.

Kadima alderdiko Julia Shamalov-Berkovitx parlamentariak atzo Eli Yishai Barne ministroari eskatu zion Blau Londresetik itzuli eta dokumentuak bueltatu ezean, «Haaretz» egunkariari argitaratzeko baimena kentzeko.

«Egun hauetan ez dugu egunkariaren zuzendaritzaren ahotsa entzun; badirudi, beraz, beraiek ere dokumentu konfidentzial hauek ezkutatzearekin bat datozela», dio Shamalov-Berkovitxek, Barne ministroari zuzenduriko gutun irekian, Arut Sheva agentziak zabaldu zuena.

«Kazetaria Israelera itzularazteko, dokumentazio haren eskuetan dagoela ziurtatzeko, eta agiriok bueltatzeko ardura du egunkariaren zuzendaritzak, nire ustez. Hori egin ezean, `Haaretz' argitaratzeko baimena bertan behera utzi beharko litzateke lehenbailehen», gaineratzen du Kadimako parlamentariak.

Atzo «Haaretz»ek argitaratu zuen informazioaren arabera, Anat Kamek aitortu zuen, aurten egin dioten isilpeko epaiketa batean, Israelgo Armadaren agiri sekretuak lapurtu zituela, militarrek Zisjordanian egindako gerrako krimenak salatzeko.

Shamalov-Berkovitxek esandakoaren arabera, Israelen segurtasunean eragina duen aspaldiko eskandalurik larriena da hori guztia.

Zehazki, dokumentu horiek «Haaretz» egunkarian argitaratzeari buruz dio hori Kadimako parlamentariak, ez Israelgo soldaduek Zisjordanian gerrako krimenak egin izateagatik.

«`Haaretz'eko kazetari batek Israelgo militar bat limurtu zuen, legeak urratuz dokumentu sekretuak eskuratu ahal izateko, Estatuaren segurtasuna arriskuan jarriz», gaineratu zuen Shamalov-Berkovitxek.

Eskuin sionistako Batasun Nazionala alderdiko Michael Ben-Ari parlamentariak ere antzeko adierazpenak egin zituen.

«Haaretz»en jabe Amos Shockenek eta zuzendari Dov Alfonek azken egunotan Israelgo prentsari egin dioten adierazpenetan Blauren lana txalotu dute eta Londresen errefuxiatu segitzen duen bitartean, hari soldata ordaintzen jarraituko dutela nabarmendu zuten.

Tartekia

Lehenengo paragrafoa.

Gainerako paragrafoak.

bi hildako gazan

Jihad Islamikoa taldeko bi kide hil ziren eta beste bat zauritua izan zen atzo, Gazan, Israelgo Armada eta horien artean izandako tiroketaren ondorioz, taldeak berak komunikatu baten bidez jakinarazi zuenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo