GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Loriaren xendretan galduta

Iñaki LAZKANO | Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea

Duela laurogei urte film onenaren Oscar saria bereganatu zuen Lewis Milestone zinemagilearen «All Quiet on the Western Front» (1930) film antimilitaristak. Hain justu, aberriaren alde borrokatzeko grinak bultzatuta gerra frontera joandako gazte xalo batzuen bizipen gordinak islatzen ditu. Berehala ohartuko dira soldadu gazteak, baina, lubakia bezain lokaztuta dagoela haien idealismoa; loriaren xendra guztiek heriotzara daramatela. Bakearen aldeko mezuak merezitako saria jaso zuen, zinez. Aurten, aldiz, Kathryn Bigelowren «The Hurt Locker» (2008) filmak irabazi du Oscar saria. Gerra heroiaren apologiak. Gerraren aldeko mezuak. Interesgarria litzateke oso 30eko hamarraldiko espiritu hura berreskuratzea, egiazki. Mezu antimilitarista zinema onenaren baratzetan erein eta hazi zen sasoi oparoaren lurrina, gerraren arnasatsa gertuen zenean hartu baitzuen habi bakearen desirak garaiko zinemagile esanguratsuenen bihotzetan. Hala, «Paths of Glory» (1957) maisulan antimilitaristan soldaduak alferrikako heriotzara daramatzaten ofizialen aurka Kubrickek egindako salaketa bertsua ia hiru hamarkada lehenago dakarkigu James Whalek «Journey's End» (1930) estreinako filmean.

Garai berean, ika-mika handia eragin zuen Alemanian G.W. Pabst austriarraren «Westfront 1918» (1930) filmak. I. Mundu Gerraren bukaeran girotua, lau soldadu alemaniarren bizipen latzen bidez gerraren absurduaz gogoeta egiten du zinemagileak; lubakietako sarraskiak ez ezik, herritarren gosea zein sufrimendua ere irudikatuz. Halaber, hunkibera da, benetan, Ernst Lubitsch maisuaren lehen soinudun filma. Gudu-zelaian hil zuen etsaiaren alargunaren etxera barkamen eske doan frantziar musikariaren istorioa kontatzen baitu «Broken Lullaby» (1932) harribitxi ahantziak.

«La grande illusion» (1937) da, ordea, historiako film antimilitarista zirraragarriena. Arerioen arteko anaitasunaz dihardu Jean Renoir maisuak bertan. Zinemagile frantziarraren mezu gizatiarrak ez zuen oihartzun handirik izan, tamalez. Naziek, plano anitz mozteaz gain, Dita Parlo aktorea zigortu zuten etsaiarekin maitemintzen den neska alemaniarraren rola jokatzeagatik. Europako herrialde askok, berriz, filma debekatu zuten. Renoirren pelikulak ez zuen mundua aldatu. Ezin ukatu. Baina, gerraren atarian, beste mundu bat posible dela erakutsi zuen. Halako ametsak, ostera, ez dira jada saritzen. Antza, ilusioak debekaturik daude Hobbesen munduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo