GARA > Idatzia > Ekonomia

Galerak atzean utzi eta 612 milioiko irabaziak izan ditu Daimler-ek

GARA |

Daimler talde alemaniarrak 612 milioi euroko mozkin garbiak izan ditu urteko lehenengo hiruhilekoan, iazko urteko epe berean 1.286 milioiko galerak izan ostean. Mercedes-Benz konpainiaren bilakaera onari esker irauli da egoera, atzo adierazitakoaren arabera.

Korporazioko presidente Dieter Zetscher-en hitzetan, lehenengo hiruhileko emaitza horiek enpresak krisialdian «eginbeharrak bete» dituela adierazten dute eta berriz ere arrakastaren bideari «irmotasunez» heldu diola.

Stuttgart-en egoitza duen multinazionalaren negozio-zifra 21.187 milioi eurora heldu zen urtarriletik martxora, %13ko hazkundea izanda. 1.190 milioiko jarduera-irabaziak izan zituen; iaz, ostera, hilabete horietan, 1.426 milioi euroko galerak izan zituen.

Gasteizen lantegi garrantzitsua duen taldeko enpresa guztiek emaitza positiboak izan dituzte lehen hiruhilekoan. Mercedes, Smart, Maybanch eta AMG markak biltzen dituen Mercedes-Benz Cars-ek 806 milioiko irabaziak izan ditu; 2009ko lehenengo hiru hilabeteetan, aldiz, 1.123 milioiko galerak izan zituen.

Mercedes-Benz Cars-en bilakaera positiboa salmenten igoerak eragin du gehienbat. Izan ere, salmentek %20ko igoera izan zuten (277.117 ale), Clase E eta Clase S modeloek merkatuan izan duten arrakastagatik.

Helburua, 4.000 milioi

Urte hasieran izan duen hazkundea kontuan hartuta, 2010ean mundu mailako salmentak nabarmen haztea eta fakturazioa igotzea espero duela adierazi du Daimler-ek, baina, halere, ez du uste 2008ko mailara iritsiko denik.

Errentagarritasunari dagokionez, aurten jardueraren mozkina 4.000 milioi eurokoa izatera iristea da taldearen helburua. Aurreikuspena «martxan» dagoen merkatuen suspertzean, egoera ekonomikoaren hobekuntzan eta produktuen arrakastan oinarritzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo