GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA

Bost talde lehian direla abiatuko da lur gaineko Euskal Herrikoa

J.L.

Bost talde lehian direla abiatuko da bihar Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketa. Lehen saioa Erandion, Erandio Goikoa auzoan jokatuko da, eta 680 kiloko lehia izango da lehen jardunaldian.

Lehen ekinaldi honetan, Getxo, Goiherri A eta B, Areso, Mutriku eta Gaztedi A lehiatuko dira. Gaztedi B taldearen parte hartzea, berriz, zalantzan dago.

Pisu honetan hiru jardunalditako ligaxka jokatuko da, eta bihar izango da estreinakoa, eta hemendik bi astera amaituko da. Pasa den urteari begiratuta, Goiherri izan zen nagusi, eta aurtengorako ere beraiek aterako dira faborito.

Hasteko, gainera, etxean arituko dira, eta horrek indarra eman behar die, lehiaketa iaz amaitu bezala hasteko ere aurten, garaipen batekin, alegia. Gaztedi izan dezakete aurtengoan ere aurkaririk gogorrena.

Zugarramurdin, berriz, gaur 17.00etatik aurrera Nafarroako Lauko Txapelketako saioak izango dira, eta pisu guztietan bigarren jardunaldia jokatuko da bertako pilotalekuan.

Mutilen 320 kilokoan Baztango Ttuku Ttuku, Amaiur, Txantrea, Imotz eta Basaburua lehiatuko dira. Emakumezkoen 255 kilokoan, berriz, Amaiur Beti Gazte, Sakana, Berriozar eta Imotz-Basaburua.

Mutiletan, baina 23 urtez azpikoetan, 320 kilotan lehiatuko dira, eta bertan Basaburua, Txantrea eta Amaiur lehiatuko dira. Kadete mailako taldeak ere neurtuko dira.

Harri-jasotzea

Harri-jasotzen marka ahalegina egingo du Xabier Ostitz lapurtarrak 190 kiloko harri koadroarekin. Hori jasota marka pertsonala ezarri nahi du. Ekinaldia Herri Urratsen barruan egingo da, Senpereko aintziran, alegia.

Saioa 10.30ean hasiko da Araba gunean, eta bertan Ostitzen marka ahaleginaz gain, herri kirol saioak izango dira. Sokatiran Herri Urrats torneoa jokatuko da, baita proba konbinatuak ere hainbat kirolarirekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo