GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Bi bikote faboritoak izango dira finalean

p053_f02.jpg

J.L.

Ez da ezusterik izan Angeluko Torneoan, eta Ibarrola-Ozafrain eta Waltari-Etxeto neurtuko dira datorren asteazkenean 20.00etatik aitzina jokatuko den finalean.

Jende asko batu zen Angelun herenegun iluntzean bi finalerdiak ikusteko. Tamalez, ez zuten partida handirik ikusteko aukerarik izan.

Lehen finalerdia Ibarrolak eta Ozafrainek irabazi zuten Etxeberri eta Harizmendi 40 eta 29 mendean hartuta, 79 minututan pilotan aritu ostean. Norgehiagokak bi zati ezberdin izan zituen, edo agian hiru ere bai.

Hastapenean, Etxeberri eta Harizmendi bikain hasi ziren aurkariei jokatzen utzi gabe, eta oso tarte txikian 0-3 aitzineratu ziren. Orduan, aldiz, faboritoen susperraldia heldu zen, eta akabo.

Faboritoek 21-1eko partziala sartu zuten 24 minututan, partida ia erabakita utziz, markagailuak 21-4ekoa erakusten baitzuen. Bai Ibarrola bai Ozafrain gaitzeko partida ari ziren egiten, eta aurkariak ezinean ikusten ziren, batez ere Etxeberri, pilota erraz galduz, nahiz eta atzean Harizmendi ez zen itxura txarra ematen ari.

Hortik aurrera, ordea, berriro ere partida aldatzen hasi zen. Harizmendi atzean bikain hasi zen, zati batzuetan Ozafrain menderatuz, eta kintzeak pilatzen hasi ziren, nahiz eta aurka zuten aldea handia izan; azkenean ezin izan zuten irabazi, baina, gutxienez, markagailua asko itxuratu ahal izan zuten.

Botetik Ibarrolak bederatzi kintze lortu zituen, eta sei Etxeberrik. Jokoan hemezortzi kintze egin zituzten irabazleek, eta hamabost galtzaileek. Galdutakoetan, berriz, zortzi pilota galdu zituzten irabazleek eta hamabost galtzaileek. Markagailua honela joan zen: 0-3, 3-3, 14-3, 21-4, 29-15, 33-19, 35-27 eta 40-29.

Lehia gutxi

Bigarren finalerdia oso lehia gutxi izan zen. Izan ere, Waltarik eta Etxetok 40 eta 21 irabazi zieten Sorhueti eta Ezkurrari 40 minututan.

Emaitzak dena esaten du. Irabazleak lehen kintzetik lortu zuten abantaila eta ez zen kolorerik egon. Botetik 11 kintze lortu zituen Waltarik eta zazpi Sorhuetek. Egindakoetan, irabazleek hogei egin zituzten, eta galtzaileek lau. Galdu, berriz, garaileek hamar egin zituzten, eta bederatzi galtzaileek. Markagailua honela joan zen: 5-0, 10-4, 17-8, 29-9, 32-16 eta 40-21.

Donibane Garazin ere abian da bertako torneoa, eta finalerdiak bihar jokatuko dira, 17.00etatik aurrera. Sorhuet-Ezkurra Etxeberriren eta Ozafrainen aurka ariko dira batean, eta Waltari-Harizmendi eta Belle-Etxeto lehiatuko dira bestean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo