GARA > Idatzia > Ekonomia

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko anbulantzietako langileak greban dira berriro

GARA

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko anbulantzietako langileek greba eguna izan zuten atzo LAB eta ELA sindikatuek deituta. Orotara, hamabost greba egun deitu dituzte bi sindikatuok datozen asteetarako, joan den astean azaldu zutenez, patronala negoziazio mahaitik altxa delako eta Gasteizko Gobernuko Osasun Sailak nahiago duelako lan gatazka honetan «beste alde batera begiratu». Hala, dozenaka langilek elkarretaratzea egin zuten atzo Bilbon Osasun Sailaren egoitzaren aurrean benetako negoziazio prozesu bat exijitzeko.

LABen eta ELAren arabera, negoziazio prozesuaren baitan hainbat puntutan desadostasunak dituzte langileek eta patronalak. Zentzu horretan, patronalak akordioak ez lortzeko «inpaktu ekonomikoa» aitzakiatzat erabiltzen duela kritikatu zuten, desadostasunak dituzten puntuek ekonomikoki halako inpakturik ez dutela baieztatu baitzuten. Horregatik, Lakuako Osasun Saila edo Lan Saila sindikatu eta patronalaren negoziazio mahaian egon dadin exijitu dute.

Gatazka konpondu ezean beraz, ostirala bitartean greba dute deituta LAB eta ELAk anbulantzien sektorerako. Baita, maiatzaren 24tik 28ra bitartean, eta azkenik, maiatzaren 31tik ekainaren 4ra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo