GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Baleren Bakaikoa Azurmendi

Krisialdiari aurre egiteko bide okerrak

argia

Oraindik krisialdi ekonomikoan murgildurik gaude. Bete-betean, gainera. Hala ere, zenbait zantzu badaude aurreikusteko Europako zenbait estatuk eta AEBek -beraz, munduko bi lokomotora nagusienetakoek- hazkunderako bidea hartu dutela, nahiz eta Txinako ekonomiak daraman abiadurarekin ezin daitezkeen alderatu.

Gure artean, ezin daiteke esan Espainiako ekonomia bide onetik doanik. Izan ere, lehen, oparoaldian, gauzak oker egin ziren: ondarearen gaineko zerga bertan behera utzi eta urte batzuk lehenago, jarduera ekonomikoaren gaineko zerga asko mugatu zen. Eta neurri horiek ezin daitezke hartu ekonomia bizkorraldian dagoenean, urte horietan egin zen bezala. Horrela ez bazen egin, administrazio publikoek, udalak barne, kontu hobeagoak izango zituzten.

Orain, krisialdian bete-betean gaudenean, Balio Erantsiaren gaineko Zerga igotzeak, Stiglitz Nobel Saridunak dioen bezala, ziurrenik, motelaldia luzatzea ekarriko du. (...) Ondorioz, bat-batean kontsumo maila apaldu egingo da eta errenta urriak dituztenek gehiago pairatuko dute, zerga hau atzerakorra baita. Gainera, gerta daiteke zerga horren etekinak murriztea, kontsumo-maila urrituko delako (...).

Finantza erakundeek eragindako krisialdi hau azaldu zenean, berauei emandako dirutzagatik aurpegia garbitzeko G-20koek, gogorki kritikatu zituzten erakunde horietako zuzendaritzak, baita paradisu fiskalak ere. Horietako batzuek zioten «kapitalismoa berrasmatu» egin behar zela. Baina denbora joan ahala, ideia horiek ahaztu egin dira eta garapenerako betiko ereduari heldu zaio: eraikuntza, autogintza, armagintza, eta finantza erakundeentzat ez zigorrik eta apenas zerga berezirik edo erregulaziorik. Beraz, berehala izango dugu hurrengo krisialdia ate joka. (...)

Euro-eremuan bizi garenontzat moneta bakarra, euroa alegia, (...) Espainiako Estatuko ekonomia ahularentzat, itxurazko sendotasuna izan da. Izan ere, ia gauetik goizera herrialde aberatsenen parean bizitzen hasi ginen eta horrek ezin du luze iraun, ekonomia batek oinarri ahulak baldin baditu behintzat. Azkenean, ahuleziak azaldu dira ekonomia hau ez delako lehiakorra eta lehiakortasuna irabazi nahi bada, moneta debaluatzeko tresnarik gabe aurkitu gara. Gabezia hau dela eta, langileen soldatak murriztu nahi dira lehiakor bihurtzeko, kapitalaren mozkinekin sartzeko kemenik ez dagoelako.

Guztiau konpontzeko, berriro, eraikuntzari heldu zaio, adibidez, Lisboako Estrategia 2000 garatu da, kalitatezko turismoa indartuz, nekazaritza berria sustatu ordez. Beraz, bide okerrena hartu da eta hortik etorkizun iluna aurreikusten da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo