GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Emakumezkoen Euskal Herriko finala

Etxeberriak kubikoarekin erabaki du txapela

Orioko harri-jasotzaile gazteak amaieran lau jasoaldiren aldea kendu zion Miren Urkiolari.

p038_f01_69807.jpg

Jon LEUNDA

Idoia Etxeberriak ezustea eman zuen, eta Miren Urkiola mendean hartu zuen atzo Aian jokatu zen emakumezkoen Euskal Herriko Txapelketan. Biak bakarrik aritu ziren lehian, eta ikuskizun bikaina eman zuten biek.

Kirolari bakoitzak 80 kiloko zilindro zaharra, 70 kiloko kubikoa eta 63 kiloko bola erabili behar izan zituen eta bakoitzarekin hiru minutuko txandak izan zituzten.

88 kiloko zilindro zaharrarekin abiatu ziren kirolariak, eta hor biek berdinduta amaitu zuten, bai Etxeberriak, baita Urkiolak ere, hamaika aldiz berdindu baitzuten harria bizkar gainean.

Lehen txanda igarota, oreka zen nagusi, eta garbi zegoen bietatik edozeinek lor zezakeela txapela, baina bigarren harriak gauzak dezente argitu zituen, hor Etxeberriak alde erabakiorra lortu baitzuen.

Bigarren txandan 70 kiloko harri kubikoa jaso behar zuten. Oriokoak 16 aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean, eta Urkiolak 13 aldiz lortu zuen harria jasotzea. Hala, hiru jasoaldiren alde horrek gauzak nahikoa erabakita utzi zituen, nahiz eta oraindik beste harri bat geratzen zen lana amaitzeko.

Azken honetan, 63 kiloko harri bola erabili behar zuten, eta hor ere aldea lortu zuen Idoia Etxeberriak. Bola 22 aldiz altxatu zuen, eta berriro ere nagusi izan zen, izan ere, Miren Urkiolak jasoaldi bat gutxiago eman baitzion harriari, eta 21 jasoaldirekin konformatu behar izan zuen.

Gauzak horrela, Idoia Etxeberriak bere lehen txapela jantzi zuen. Guztira 49 jasoaldi egin zituen hiru lanak batuta, eta Urkiolak, berriz, 45 jasoaldi lortu zituen eta bigarren geratu zen amaieran.

Idoia Etxeberriak bere lehendabiziko txapela jantzi zuen, eta pozez gainezka zegoen: «Egia esan, poz izugarria hartu dut. Ikaragarria da txapela lortzea. Banekien gauzak estu izango zirela, biak parean baikabiltza, baina kubikoarekin hiru jasoaldiren aldea kendu diodanean txapela nahiko gertu ikusi dut, eta azkenean lortu ahal izan dut garaipena». Hala eta guztiz ere, hasieran nahiko urduri plazaratu zela ere onartu zuen harri-jasotzaile gazteak. «Hasieran nahikoa urduri atera naiz, baina lehenengo txanda pasatu denean apur bat lasaitu naiz, eta orain txapela jantzita, oso gustura nago», adierazi zuen Orioko kirolari gazteak.

Sardon falta zela, bi bakarrik aritu ziren

Idoia Etxeberria, Miren Urkiola eta Marijo Sardon dira harri-jasotzean ofizialki dabiltzan hiru neskak, baina atzo bi bakarrik aritu ahal izan ziren. Lan kontuak direla-eta, Marijo Sardon azkenaldian plazetatik kanpo dabil, eta Etxeberria eta Urkiola dira dabiltzan biak. Hala ere, zaleek badute berriro ere Urnietako harri-jasotzailea plazetan ikusteko gogoa eta itxaropena, bere lana beharrezkoa baita. Izan ere, bi bakarrik gutxitxo dira eta Sardonek berak ere maila bikaina eman baitu aritu den bakoitzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo