GARA > Idatzia > Euskal Herria

HERIOTZA-OHARRA | Karmele Urresti

Antzosolo etxeko Karmele: erizaina, abertzalea, ondarroarra

p022_f01.jpg

GARA

Karmele Urresti Iturrioz zendu zen atzo. Ia 95 urteko bizitza oparoa, 36ko Gerrak bereziki markatutakoa. Eta errepresioak. Eta Euskal Herriarekiko maitasunak. Eta lanbideak. Eta sendiak. Eta Ondarroak...

Bizkaiko kostaldeko herri horretako Antzosolo etxeko Frantzisko Urresti eta Karmen Iturriozen alaba -sei anai-arreba ziren-, gaztetan joan zen Bilbora. Basurtoko ospitalean hasi zen lanean, erizain. Ez zen denbora askorik pasatu Valladolideko bidea hartu zuenerako, Erizaintza ikasketak egitearren. Hantxe harrapatu zuen faxisten altxamenduak, 36an. Jaioterrira itzultzea erabaki zuen.

Baina laster utzi behar izan zuten Urresti-Iturrioztarrek Ondarroa. Aski ezaguna zen abertzale petoak zirela. 1937ko urrian, kolpisten jazarpenaren ondorioz, kanporatuak izan ziren. Orduan hasi zen Karmele Urrestiren bizitzan etapa berria.

Eusko Gudarostearekin bat egin zuen, erizain lanetan: Bilbo, Portugalete, Santoña... Kantabriako herri horretan, azkenean, ontzia hartu eta, gudari zaurituekin batera, erbesterako bidea hartu behar izan zuen: Larresoron hartu zuen lurra.

Jose Antonio Agirreren Gobernuak Lapurdiko herrian ospitalea eraiki zuen, eta han hasi zen lanean. Han zela, Eresoinka kultur elkartearen berri izan zuen. Agirrek berak sorrarazi zuen kantari, dantzari eta margolari talde hura, Euskal Herriaren kultura eta izatea zabaltzeko. Saran zuen egoitza, eta hara joatea deliberatu zuen Urrestik. «Ahots ederra zuen, eta dantzan ere egiten zuen», azaldu diote GARAri bere senitartekoek.

Paris eta Venezuela

Eresoinka Europan barrena ibili zen, Euskal Herriaren berri emanez: Ingalaterra, Holanda, Belgika... Eta Paris. Hemen topatu zuen maitasuna: Txomin Letamendi Murua bilbotarra. Hau ere erbesteratua. «Tronpeta jotzen zuen orkestra batean. Bera ere Eresoinkara hurbildu zen, eta ama ezagutu zuen». 1939an jaio zen lehen alaba, Karmele.

1940an, hirurek bidaia luzeago bati heldu zioten: Marsellan itsasontzia hartu, eta Venezuelara. Urrestik erizain lanbideari ekin zion, eta Txomin semea han jaio zen. 1943an Agirre lehendakaria Venezuelara joan zen, eta Letamendi-Urrestitarrei laguntza eskatu zien. «Haientzat egiteko bat zuela esan zien, eta familiak Atlantikoa gurutzatu zuen berriro, Bartzelonara. Handik Bilbora itzuli ziren».

Urrestiren senarra klandestinitatera pasatu zen. «Sarritan joaten ziren poliziak etxera, aitaren galdezka. Behin, non zen galdetutakoan, `no lo sé' erantzun zien amak. `Pues mi mujer lo sabe todo de mí, dónde ando, dónde como...', bota zion polizia batek. Eta amak erantzun: `Pues su mujer sabrá todo de usted menos lo que bebe, a juzgar por las manchas de su ropa'. Halakoa zen, izaera handikoa».

46an atxilotu zuten senarra. Ordurako beste haur baten esperoan zen Karmele: Patxi. Bartzelonan eduki zuten preso aurrena Txomin Letamendi, gero Carabanchelen, eta azkenik Guadalajaran. Azken kartzela horretan jasandako torturen ondorioz hil zen, 50ean. Ez zuen azken semea ezagutzerik izan.

Senarraren heriotzak behartuta, Amerikara joatea erabaki zuen berriro. 1952a zen. Aurreko helmuga bera zuen: Venezuela eta erizaintza. Oraingoan, bakarrik egin zuen bidaia. Hiru seme-alabak Bilbon utzi zituen. 1958an elkartu ziren laurak.

1975era arte ez zen Urresti Euskal Herrira itzuli -lehenago bueltatua zen Txomin semea, eta kartzelatua izan zen-. Ondarroa hartu zuen bizitoki, eta betiko ogibidean jarraitu zuen.

Herri Batasuna jaiotzearekin batera, ezker abertzalera hurbildu zen. «Agirreren eskutik egindako ibilbide politikoan aldaketa izan zen, baina ez zitzaion apenas kostatu txapelari buelta ematea. Beti oso aurrerakoia izan zen», agertu dute senideek.

Telesforo Monzon laguna zuen -«Ondarroara etorri zen pare bat alditan, amaren etxean egin zuen lo»-, eta HBko zinegotzi izan zen. Atxilotu ere egin zuten. «Baina herrian oso ezaguna zen eta sekulako liskarra sortu zen. Hiru egunera libre zen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo