GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Kanada | Sormen handia

Japoniarren maisulana Mount Loganeko hego aurpegian

Yasushi Okadak eta Katsutaka Yokoyamak osatutako sokada japoniarrak eskalada bikaina egin du orain arte inork igo gabeko Ipar Amerikako pareta erraldoian. 2.500 metroko marra da (ED+, M6, WI5), eta bost eguneko joan-etorria egin behar izan zuten.

p042_f01_30192.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Joan den astean Alaskako denboraldian izaniko emaitza bat ekarri genizuen lerrootara. Bigarrena ez da hango mendietan izan, haren ingurumarian baizik: Kanadako mendi garaienean. Oraingo honetan Yasushi Okadak eta Katsutaka Yokoyamak osatutako sokada japoniarrak Mount Loganera (5.959 m) eramango gaitu. Mendiaren hego aurpegiak bazuen askatu gabeko korapilo bat; hots, isurialde hori igo gabe zegoen oraindik. Azkenean, japoniarrak sekretu horren jabe bihurtu dira.

Bost eguneko joan-etorrian, maiatzaren 4tik 8ra, 2.500 metroko jarduera gogorra burutu zuten. Zailtasun teknikoak ere azpimarragarriak dira: ED+, M6, WI5. Eta, jakina, estilo arinean. Zalantzarik gabe, Okadak eta Yokoyamak maisulan ederra sinatu dute. Gailur nagusirik gabe geratu ziren (ekialdeko gailurrean buelta eman zuten), baina Ipar Amerikan orain artean inork igo gabeko pareta erraldoi bat egitea lortu zuten. «I-T0» da lan berriaren izena.

Alaskako mendi gehienak oso alderdi isolatuetan daude, eta Mount Logan ez da atzean geratzen. Denali baino isolatuago dago, eta, jakina denez, han ere muturreko baldintzak izaten dira. Mendiaren oinarrira iristeko, japoniarrek oso ibilaldi luzea egin behar izan zuten: «Mount Loganeko argazki bat erakutsi zidan nire sokakideak, eta liluratuta geratu nintzen. Ez genuen mendiari buruzko ia batere informaziorik, baina, hala ere, igo gabe zegoen hego aurpegia geure helburu bihurtu zen», adierazi du Yokoyamak.

Okada zein Yokoyama goi mailako alpinistak dira. Biek ala biek zailtasun tekniko handiak eta estilo alpinoaren alde egiten dute. Yokoyamari dagokionez, zailtasun handiko eskaladak egin ditu Mount Loganen ondoan dauden mendi gogorretan: Denali, Mount Hunter, Mount Huntington... Okada, berriz, Himalaia aldean ditu emaitza onenak; besteak beste, Tengkapoche mendian bide berria zabaldu zuen.

5 eguneko jarduna

Maiatzaren 4an hasi zen japoniarren eskalada. Amaitu, berriz, 8an. Bost eguneko jarduna izan zen: 3 egun igotzeko eta bi jaisteko. Kanpaleku nagusitik irten eta pareta erraldoiaren eskuin aldera jo zuten. Hain zuzen ere, hormaren zatirik tenteenera. Hori bai, zintzilik dauden serac-en arriskutik kanpo ziren.

Lehen egunean 3.700 metrora heldu ziren, paretan dagoen giltzaren oinarrira alegia. Tximinia gogor bat eskalatu behar izan zuten, eta beste 200 metro izotz finarekin eta arroka askatuarekin (M6). Bigarren gaua 4.300 metrora igaro zuten, eta hirugarren egunean eki ertzera iritsi ziren (5.100 m). Bibaka han egin ondoren, biharamunean eki gailurra jo zuten (5.900 m).

«Gailur nagusia urrun zegoen. Buelta ematea erabaki genuen, eta eki ertzetik jaitsi ginen. Bide beretik rappelatzea ez zen egokiena, besteak beste, zeharkaldi eta arroka askatu asko zeudelako. Oro har, oso eguraldi bikaina izan dugu, eta igo dugun marra oso segurua da. Mount Loganen bizi izan dugun eskarmentua bikaina izan da», dio Yokoyamak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo