GARA > Idatzia > Kultura

Baserriz baserri jasotako errezetak, euskal amonen ondare baliotsuak bizirik jarrai dezan

Jose Castillo sukaldariaren errezetak bildu Ttarttalok «Betiko euskal sukaldaritza» liburuan. Bertan, betiko platerak topatuko ditu irakurleak, pazientziaz eta maitasunez prestatzekoak; «geure amonek bezala».

p040_f01.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Ibilbide luzea egin zuen sukaldaritzan Jose Castillo urrestildarrak. 1993. urtean hil bazen ere, bere errezetak bizi-bizirik diraute, besteak beste, bere seme Jose Juan Castillok hartu baitzion lekukoa Donostiako Casa Nicolasa jatetxea zuzentzeko lanean. Castillo aitak, txikitatik azaldu zuen sukaldeetako lapiko arteko jardunarekiko jakin-mina eta miresmena. Bere lorpenen artean azpimarragarria da betiko sukaldeko errezeten bila Euskal Herriko baserriak bisitatu zituenean, bertako amonen sukalde kontuak jaso izana. Hain zuzen ere, errezeta horietako batzuk bildu ditu Ttarttalok kaleratu berri duen «Betiko euskal sukaldaritza» liburuan. «Betiko euskal sukaldeari eginiko omenaldi xume eta ederra da», argitaletxeko Idoia Arozenak azaldu zuenez. Atzo Donostian eskainitako prentsaurrekoan Castillo semeak eta Jose Mari Gorrotxategi gozogileak hartu zuten parte, baina ikusleen artean ere izan ziren Juan Mari Arzak eta Pedro Subijanaren neurriko sukaldariak.

«Errezeta hauek orain 30 urte baino gehiago idatzi ziren -azaldu zuen Castillok-. Garai hartako espiritua biltzen da hemen, ama eta amonen ondare baliotsua gal ez dadin». Halaber, «lana» eta «denbora» eskatzen duten errezetak direla gaineratu zuen: «Hauek ez dira errezeta arruntak, ezta errazak ere, sukaldean orduak eman behar baitira, baina abantaila osagaiak dira, etxe azpiko dendan topatu baitaitezke».

«Nire aitak esaten zuen bezala -jarraitu zuen-, sukaldea ez da sinplea, denbora eta maitasuna eskaini behar zaizkio. Plater bat prestatzeko, denbora luzea ematea ez da denbora alferrik xahutzea, irabaztea baizik». Egungo etxeetako sukaldeei «bira» ematea lortu behar dugula esan zuen Castillok, «ez delako egia denborarik ez dagoela, hura bilatzean dagoelako gakoa». Liburu honetan ez dago lapiko azkarrik eta saltsek ere lana dute: «Sukalde mantsoa denez, agian ezin da egunero egin, baina asteburuan har daiteke tarte bat, ezta?», iradoki zuen Arozenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo