GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Gurutz Garmendia Ondarroa-Azkoitia

Ama Lurra eta lege zaharra

Ahoz aho zabaltzen den zurrumurru gisa dabil euskaldunak garela europarrik zaharrenak eta, ondorioz, beste europarrak gure arbasoen ondorengo direla. Horrela baieztatzen dute mundu osoko jakintsuek eta gure Barandiaran handiak aspaldi esandakoak baieztatzen ari dira jorratutako ikerketa-bide guztietan. Emaitza bera ematen dute kultura ikerketek, mitologia ikerketek, hizkuntza ikerketek, odolarenek, andre-gizonen itxuraren ingurukoek edo ditxosozko DNA frogek.

Ingalaterrako aditu txit jakitunek euren arbasoak euskaldunak zirela diote eta bertan hitz egin zen hizkuntza euskara edo antzinako euskara izan zela ondorioz. Stonehage-eko harri multzoa jaso zutenak, euskaldunak ziren ondorioz, eta erromatarren azken sasoian ere, Isidoro Sevillarrak Britainian bertako jatorrizkoak ziren gudaroste baskoiak zeudela zioen (Wiki-media). Eta hori bera erakusten dute Alemanian egindako ikerketek ere. Euren herrialdeko ibai, haran, ur eta itsasbazterrak euskal erroak dituztela aldarrikatuz.

Europako azken aborigenak gara, beraz, eta jatorrizko beste herrialde guztiek bezala, kobazuloetan bizi den Ama Lurra izan da gure ama. Ama sortzailea. Eta berak erakutsitakoa da denok berdinak garela eta lurra dela gure ama. Horrela erakusten digute Europa osoan barreiatutako eme-ama iruditxoek eta hori bera adierazten digute euskal mitologiako sinesmen nagusiek. Atzerritik iritsitakoa da, beraz, jaun ar eta goikoaren kontzeptua. Ez da ahaztu behar ama direla lurra eta itsasoa eta amonak, berriz, ilargia eta eguzkia.

Zoritxarrez, ordea, ohitura zaharrak jarraitzen dituztenak baztertuak daude euren herrian eta jainko ar, goiko eta egitura piramidalen aldekoek boterea eurentzat harturik dute. Santimamiñe, Ekain edo Praileaitzen bizi ziren gure arbasoek Ama Lurra eta bere adierazpen guztiak gurtzen zituzten. Eta jarraipen horiek baztertuz, gure egungo agintari handi-mandi potrozorriek bertakoa bultzatu eta herria aberastu beharrean, dena txikitu, deuseztatu, errautsi eta geureak eta gizatasun osoarenak diren altxorrak popatik hartzera bidaltzen dituzte. Alleri eta Praileaitz hilzorian daude!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo