GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Xabier Lekuona 2010/6/8

'Free Hernani'

berria

Batzuetan badirudi aldez aurretik gerra galdua duzula. Eginahal guztiak alferrikakoak izango diren susmoa duzu. Aurkaria indartsu, aurkari izan behar ez lukeena etsai eta zure balizko aliatuak hor nonbait, olgetan. Ahaleginak alferrikakoak izango direla entzuten duzu, esaten dizute. Zentzuzkoa denak ere itxura txarra du.

Hernaniarrak duela hilabete hasi ziren atez ate herriko hondakinak biltzen. Setiatua izan da Hernani. Bonbardatu dute. Goitik eta behetik. Informazio eta propaganda. Propaganda informazioa baino gehiago. Amore emateko papertxoak bota dizkiete herritarrei. Vietnam txikia. Inor ez da etorri laguntzera, ez Askatasunaren flotilla, ez GKErik. Free Hernani pankartarik ez da inon ageri.

Baina ez dira ohartu, hain zuzen, horretaz, herritarrak direla hartzaileak. Eta haserre dira. Punta-puntako armek, gidaririk gabeko hegazkinek huts egin diete. Hernaniarrak egunero ari dira atez ate. Gerra psikologikoa -eta psikologikoa ez dena ere- gainditu dute. Hilabete pasatu eta gero, lehen borrokaldia amaitu da. Halere, gora begira jarraitzen dute herritarrek; motor zarata entzuten da. Hondakinak biltzeko sistema aldatzeagatik soilik horrelako erasorik merezi ote duten galdetzen diote euren buruari. Bistan da gerra zuzenik ez dagoela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo