GARA > Idatzia > Kultura

Atxaga: «Ez diot irakurleari Miranderen obrako ideiekiko inolako sinpatiarik opa»

Irakurlea Jon Miranderen «Haur Besoetakoa» liburuaren irakurketan laguntzeko asmoz, bere ikuspuntua eskaini zuen atzo Bernardo Atxagak Bilbo Zaharra Forum jardunaldietan. Asteasuarraren irudiko, «prosa eredugarrian» idatzitako nobela honek «muinetik aldentzen gaituzten bi alde engainagarri ditu». Pederastia istorio garbi bat izateaz gain, tesi baten defentsa egiten du: «Gizarte hau arbuiagarria da eta modu agresibo batean azalduko dut».

p041_f01_203x112.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Jon Miranderen (Paris, 1925-1972) nobela bakarra izan zen «Haur besoetakoa» eta horixe hartu du aztergai azken Bilbo Zaharra Forumak. Bernardo Atxaga asteasuarraren iritzia ezagutzeko txanda izan zen atzokoa eta jende askok kanpoan gelditu behar izan zuen Euskaltzaindiaren egoitza goraino bete ostean.

Renotik bueltan lur hartu berritan, Miranderen lanari ikusten dizkion «bi engainuak» izan zituen mintzagai Atxagak: «Irudi batekin azalduko dut. Alhambrara joaten bazarete eta bide nagusiari heldu, bide horrek enbaxadorearen patiora eramango zaituzte, hau da, kanpoko ertzeko gela batera. Ez inola ere erdigunera, etxe horren barne-bihotzera. Honekin esan nahi dut, Alhambrako bide nagusiak engainagarriak direla».

Halako zerbait gertatzen da nobela honetan ere. Atxagak azaldu zuenez, bai «Haur besoetakoa»n, bai askotan alderatu izan duten Vladimir Nabocoven «Lolita»n, haurrari begira jartzen gara gehienok, kasu honetan hamaika urteko Theresari begira. «Liburu honen materia nagusia ez da, ordea, Theresa, tesi baten azalpena baizik. Tesi hori honakoa da: `Modu oso agresibo batean azalduta, gizarte hau arbuiagarria da'», esan zuen. Nobelaren ezaugarri nagusia ez da, beraz, Theresarekiko maitasuna, «Theresa ez diren izaki guztiekiko agresibitate, bortxakeria eta biolentzia ikaragarria baizik».

Atxagaren iritziz, nobela honek badu bigarren engainu bat ere. Mirandek hainbatetan sinbolo modura aipatzen du hamaika urteko neskatoa. «Theresa errealitatean ez dela Theresa engainatzen gaitu, ente sinboliko bat balitz bezala, herriminaz hitz egiten du, gaztetasun eternalaren sinbolo batez. Baina bigarren zati honetan, aldiz, nire ustez pederasta baten istorioa da, argi eta garbi. Haragizko pertsonaiaren istorioa gailentzen da. Hor dago alde errealista. Pederastia istorio gordina da».

Ideia arriskutsuak

1959an idatzi zuen Mirandek «Haur besoetakoa» baina ez zen 1970era arte argitaratu. Gabriel Aresti izan zen, hain zuzen, horretara ausartu zena. Gai aldetik, ez zuen onarpen handiegirik izan eta, Atxagaren ustez, gizarteak arrazoi zuen bai orduan, eta bai orain ere. «Obra onartezina da. Askatasun espresiboa oso zilegi da baina horrelako liburu baten aurrean nik ez diot irakurleari inolako sinpatiarik opa. Oso ideia arriskutsuak dira hor daudenak. Hortik ateratako hari guztiak krimen bihurtu dira eta egile bati ez diogu barkatu beharrik euskaraz idazteagatik».

Hala ere, Atxagaren ustez liburuaren higuingarritasunak bezainbeste erakarri zuen Aristi nobelaren prosa eredugarriak. «Hizkuntza aldetik izugarri ona da. Garbia, transparentea, ikusi egiten dituzu eszenak».

Alde horretatik, «Haur besoetakoa» nobela ederra dela azpimarratu zuen, «Lolita» kaskarragoa iruditzen zaion bitartean. «Gaia antzekoa den arren, nobelak askoz gehiago du Nietzscheren teorietatik, supergizonarena esaterako. Hala ere, bizitza ez heroikoa askoz desiragarriagoa da heroi horiek baino», esan zuen. Akatsak ere aipatu zituen, istorioaren bukaera aldera ematen den hamar eguneko epea sinesgaitza dela, adibidez. «Idazleak bere buruari ematen dizkio baina hor beharko luke bukaerak. Ikuspuntu guztiz egolatrikoa dauka hor, benetan higuingarria da bukaera».

Zenbaitek bestelakorik dioten arren, autoretik asko omen du nobelako protagonistak. «Irakurri bere artikuluak eta irakurri nobela eta gauza oso antzekoak daude. Tesi hori bere poesian etengabe agertzen da».

TESI-NOBELA

«Nobelaren ezaugarri nagusia ez da Theresarekiko maitasuna, Theresa ez diren izaki guztiekiko agresibitatea, bortxakeria eta biolentzia ikaragarria baizik», esan zuen Atxagak.

400 pertsonak irakurriko dute gaur «Haur besoetakoa» Arriagan

Goizeko zortzietan abiatuko du Txomin Peillen idazleak Jon Miranderen nobela «klasikoaren» etenik gabeko irakurketa. Egun osoan zehar, 400 pertsona pasatuko dira Arriaga antzokitik. Bilbo Zaharra euskaltegiak orain bi urte abiatu zuen ekimen hau Axularren «Gero» obrarekin eta iaz Mogelen «Peru Abarka» aukeratu zuten. Idazleak, sindikatuetako ordezkariak, kazetariak, Bilboko alkatea eta udal ordezkariak, Lakuako sailburuak, kirolariak eta, batez ere, euskaltegiko ikasleak arituko dira horretan. Azken hauen ahalegina omentzea da helburu nagusia eta 20.00etan, irakurketa amaituta, erromeria izango da Arriaga plazan . A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo