GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Bide komertzialetatik at dabiltzan antzezlanentzat leiho bat zabaldu da

Arriskuak hartzen dituzten lanek, pentsarazten eta sentiarazten duten proposamen horiek badute non elkartu. Eztena Teatro Egunak Mikelazulo kulturguneak sortu zituen iaz, eta bigarren ekinaldia datorren astelehenean abiatuko da. Bestalde, sortzaile eta ikusleen arteko harremana bultzatuko dute aurtengo zortzi antzezlanen osteko solasaldien bidez.

p048_f01_152x120.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Antzoki nagusietatik urrun ibili ohi diren antzezlan ekoizpen horiei lekua eskaintzeko jaio ziren iaz Eztena Teatro Egunak. Egitasmo honen bultzada Euskal Herrian dauden sormen anitz horietan aurkitu ahal dugu, hots, «arriskatzen duten lanekin, pentsatu arazi eta sentiarazten duten» proposamenetan. Beste modu baten esanda: «Gure errealitate poliedrikoaren ispilu ederrak, mugiarazten duten antzerki-ziztadak». Horiek guztiak bilduz, hilaren 24tik eta 27ra ospatuko da aurtengo jaialdia, lehen ekintza astelehenean bertan izango den arren.

Jaialdi honen antolatzaileetako batek, Ainara Gurrutxagarik, helburuak azaldu ditu. Lehenik eta behin, «bide komertzialetatik at sortzen diren proposamen horientzat» antzerkian leiho bat ireki nahi dute. Hortaz, zortzi antzezlan aurkitu ahal ditugu egitarauan.

Baina horrez gain, sortzaile eta ikusleen artean beste harreman mota bat sortu nahi duela azaldu du, «gertuagokoa». Mikelazulokoek aurkezpenean diotenez, «ikusle eta antzerkilariek elkarrekin pentsatu, imajinatu, galdetu, eztabaidatu eta gozatzea» dute helburu. Hori lortzeko, emanaldi bakoitzaren ostean sortzaile eta publikoaren arteko solasaldiak antolatu dituzte.

Ainarak azaldu duenaren arabera, sortzaileek beren sormen prozesua azaltzeko aukera dute. «Antzezlana testuinguru batean sortzen da eta hori ezagutzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu». Horrez gain, oso baliagarria izaten da sortzaileentzat, beren lanaren gainean gogoeta egin ahal izateko. Ikusleek, bestalde, sortu zaizkien galderen erantzunak izateko edota antzezlanak eragin dizkien hausnarketak azaltzeko lekua aurkitzen dute. «Hitz egin ahal izateak ezberdintasuna zehazten du. Sorpresa asko daude lan baten inguruan sortutako iritziekin», azaldu du Gurrutxagarik iazko esperientziari so eginez.

Egitarauari dagokionez, hilaren 21ean hasiko da Errenteriako herrigunean, kale antzerkiarekin. Gainerakoan, ostegunetik aurrera izango dira ikuskizunak, Oier Guillanek zuzendu eta idatzitako «Heroi Herio» lanarekin hasita. Mikelazulon izango den bigarren emanaldian, Txirene Teatroaren «Ogiyik karri etzun semea» ikusi ahalko da. Hurrengo egunean antzerkia Errenteria Hiria kulturgunera mugituko da, Miren Gaztañagaren «Stereo» eta Espe Lopezen «No es fácil» antzezlanekin.

Larunbatean, bestalde, kale ekintza izango dute goizean, bazkari eta mahai-ingurua izan aurretik. Arratsaldean, Higa konpainiaren «Espazio hutsak» eta Gilkitxaroren «8 Begi» izango dira. Azken egunean, hots, hilaren 27an, Josune Montonek «King Kong Neska» aurkeztuko du eta Ander Lipusek «Ardoaz».

Egitaraua aukeratzeko orduan, jaialdiak eta Mikelazulok duen filosofiari jarraitu diote eta, hortaz, bertan parte hartu nahi izan dutenentzat erabat zabalik egon da. Iazko arrakasta ikusita, gogotsu heldu diote aurtengoari eta hirugarren bat egiteko intentzioa ere azaldu dute. Ainarak argi azaldu du euren helburuan tinko jarraitzeko asmoa dutela: «Jaialdi honek gogo bat islatzen du. Euskal Herrian teatro asko egiten da, teatro on asko; konprometitua. Horri leiho bat eman behar zaio».

PUBLIKO ZABALA

Eztenak leiho bat izan nahi du, eta ez soilik antzerkigintzan ari den jendeari begira. Publiko zabalari zuzendua dela azaldu dute antolatzaileek, haren eta sortzaileen arteko harremana bultzatzeko asmoz.

Fitxa

Lekua: Errenteriako Mikelazulon eta Errenteria Hiria kulturgunean.

Datak: Ekainaren 24tik 27ra.

Antolatzaileak: Mikelazulo kultur elkartea.

Informazio gehiago:

www.eztena.com

Interneten ere zabalik den leihoa, «eztena.com»

Eztena Teatro Egunak antzerki mota batentzako plaza irekia izan nahi du eta, helburu berberarekin, web-gune bat ireki dutela azaldu du Ainara Gurrutxagarik. Hurrengo astean ospatuko den jaialdiaren barruan, larunbatean hain zuzen, egingo dute aurkezpena. «Gune sortu berri honek sortzaileentzat eta antzerkia gustuko duen jendearentzat plaza irekia izan nahi du», azaldu du. Hortaz, eztena.com guneak jarraitzaile eta antzerkizaleei elkar ezagutzeko aukera emango die. «Jaialdia urtea behin denez, harreman horiek mantentzeko», balioko duela azaldu du Gurrutxagarik, hau da: «Elkar ezagutzeko eta besteak zertan ari diren jakiteko». I. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo