GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Juanlu Artabe Rodriguez Zornotza

«Gatza» gure artean, ordua duk eta

Euskal Herriko sanjuanetan txar guztia erre duten sua amatatu berri denean, ke usaina darion laino fina geratu da grisez tindatuz inguruko baso umeletan.

Neguko eta udako solstizioak kontaezin bihurtu litezke askatasunaren katea eten zitzaizunetik hogeita hamar sanjuan ilunbetan igarotzea zer den neurtzea unibertsoa bera ulertzea bezain gaitza denean.

Zornotzarrok ordainezineko zorretan gaude, sanjuanen ke lainoa eta usaina bera ere hurrin dituen berorrekin, irudimenaren haritz azpiko geriza zehatzean dagoen berorrekin.

Denbora agortuz doa baina, eta gabon-mukurra ebakita dago honezkero, etxeko beheko suari begira, intxaurrak, gaztainak eta gatzatua jan ditzazun: eztarriak urratu arte «Hator, hator, mutil etxera...».

Denbora amaitzeko irrikaz gaude herrian, berorren irudi laguna, hurbila, Ofrendoko haritz sakratuan eskegita aurtengoa azkena izan dela badakigulako.

Hogeita hamar urtetan pilatutako ke laino fin guztiak zain dituzu, akelarren doinu eta dantzak ez dira une batean ere gelditu, kate motzeko aro amaigabeko hori gau laburrena bihurtu eta egunik luzeenak izan ditzazun.

Askatasunaren katea, eten barik elikatu behar den garra bezala, berorren eskuteak euskaldunen zapoak lotsatu eta uxatuko ditu ezinbestean.

Laster hire herriko jaietan ikusiko haugu, gure artean, ordua duk eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo