GARA > Idatzia > Euskal Herria

Independentziaren aldeko gazte olatua zabalduko du uda osoan GaztEHerriak

Independentistak Sareak egindako deialdiarekin bat egin du GaztEHerriak eta, uda osoan, independentziaren gazte olatua «inoiz baino gehiago» zabalduko dutela adierazi zuten gazteek. Euskal gazteriari independentziaren aldeko argazki originalak ateratzeko eskatu dio.

p014_f01_199x116.jpg

GARA

GaztEHerriak udako kanpainari hasiera eman zion atzo goizean Bergaran egindako agerraldiarekin. Orain, udan sartu berri gaudela, independentziaren aldeko gazte olatua «inoiz baino gehiago» zabaldu behar dela aldarrikatu zuten. Ikasturtean zehar egin izan duten bezala, gazteek udan ere independentziaren aldeko aldarria ozen zabalduko dutela jakinarazi zuten.

GaztEHerria mugimendua martxoaren 11n jaio zen Donostiako Ibaetako campusean. Berrehun gazte baino gehiago bilduta egin zuten aurkezpen agerraldia. Kolore ezberdinetako emakume, ikasle, okupa, musikari, kirolari, langile... hamaika gazte amets bakarraren alde elkarlanean jarduteko prest. «Independentzia egunez egun eraikitzeko borondatearekin ernai zirela» gogora ekarri zuten atzoko agerraldian.

Hilabetera, apirilaren 2an, Durangon, GaztEHerriaren proiektuaren aldeko lehen harria jarri zuten antolatutako jaialdi erraldoian. Egun oso batez, Durango, gazteen herri bihurtu zutela gogorarazi zuten atzo. «GaztEHerria bilakatu genuen. Milaka gaztek parte hartu eta independentziaren aldeko hautua berretsi genuen», adierazi zuten Bergarako agerraldian.

Bitarte horretan, euskal gazteria independentistek bizi dituzten eskubide zibil eta politikoen urraketak salatzeko, nazioarteko 40 gazte antolakundek baino gehiagok elkartasun manifestu bat adostu zuten. Durangon bertan manifestuarekin bat egin eta haien gonbidapenari jarraiki Bruselara joatea erabaki zuten gazteek.

GazteHErriak, beraz, Bruselara joateko deia egin zion euskal gazte independentista orori eta, horri jarraiki, gazte izateak eta independentziaren alde jarduteak trukean kriminalizazioa eta errepresioa dituela salatzeko joan ziren Bruselara.

Orain, uda heldu berri dela, independentziaren aldeko gazte olatua «inoiz baino gehiago» zabaltzea dutela helburu nabarmendu zuten.

Argazki originalak

Horretarako, Independentistak Sareak egindako deiarekin bat egin dute gazteek eta udan osoan independentziaren aldeko argazki originalak aterako dituztela jakinarazi zuten.

Baina zer nolako argazkiak izango dira? Zein agertuko da? Edota, zein lekutan? GaztEHerriak ekimen hau proposatu nahi dio euskal gazteriari. Eta, «izan dadila euskal gazteria bera ekimena sortu eta osatuko duena».

«Nola? Norberak nahi duen bezala. Norekin? Norberak nahi duenarekin. Zein lekutan? Norberak nahi duen lekuan. Bakarka, binaka, koadrilaka, auzoka, herrika, konpartsaka... norberak nahi duen modu eta formatuan», azaldu zuten. Helburu bakarra independentziaren aldeko argazki originala ateratzea dela argudiatu zuten gazteek.

Ekimenari hasiera emateko, atzo bertan Bergaran egindako agerraldian independentziaren aldeko lehendabiziko argazkia atera zuten. Jaien testuinguruan egindako agerraldiko argazkian «eraiki independentzia» ideia azalarazi nahi izan zutela esan zuten, horretarako, «piramide bat osatuz».

Ohartarazi zutenez, hainbat bitarteko jarri dituzte eskuragarri gaztEHerria.net web atarian. Batetik, auzoka, herrika edota talde handietan argazki kolektiboak ateratzeko, kartel mutu bat erabiliko dute, toki ezberdinetako gazteei deialdia luzatzeko erabilgarri izango dena. Bestetik, independentziaren aldarria argazki guztietan egon dadin, karteltxo bat ere jarri dute eskura. Hala ere, burua astindu, eskainitako bitartekoak nahi bezala erabili, eraldatu, margotu edota berriak sortzeko aukera ere badago.

Argazki guztiak gazteherria@gmail.com helbidera bidali beharko dira zein tokitan atera diren zehaztuz. Hortik aurrera, gaztEHerria.net atarian egongo dira, uda osoan gazteek sortu duten olatua ikusgai egon dadin. «Gazte, udan ere, izan originala, batu lagunak, argazki kamera hartu eta bizi ametsa, eraiki independentzia!».

helburua

Independentziaren aldeko argazki originalak ateratzea proposatu dio GaztEHerriak euskal gazteriari. Banaka, koadrilaka, binaka, bakoitzak nahi duen moduan; helburu bakarra, originalak izatea.

nora bidali

Argazki guztiak gazteherria@gmail.comhelbidera bidali beharko dira non atera diren zehaztuta. Hortik aurrera, argazkiak gazte mugimenduaren atarian ikusi ahal izango dira uda osoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo