GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mertxe Mugika eta Yolanda Barbero (*) Euskaltegien izenean

Euskaltegiek Eusko Jaurlaritzari

Gure sektorea, hamarkada askotako bidea egin badu ere, ez dago oraindik normalizatuta, eta normalizatzeko finantzaketa sistema egonkorra behar du, hain zuzen ere. Bestela, sektorean aritzen diren 1.500 langileen eta 40.000 ikasleen lana eta ahalegina kolokan geratuko lirateke, gaur egungo diru-laguntza sistema kolokan omen dagoen bezalaxe

EAEko euskaltegi homologatuok duela gutxi adierazi genituen gure kezkak eta eskaerak komunikabideen aurrean. Horren ostean, Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzatik erantzuna jaso genuen eta aitortu behar dugu neurri batean harridura eta mina sortu digula.

Erantzun horretan, besteak beste, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, euskararen alorrean ere murrizketak egotea litekeena dela onartzen du. Hori esan eta gero, hurrengo lerroetan, euskararen alorrean mugitzen garen eragile guztiei dei egiten digu eta, behar izatekotan, solidarioak izan behar dugula gaineratzen digu, ba omen direlako okerrago dauden beste arlo batzuk. Horren guztiaren aurrean gogoeta hauek egin behar direlakoan gaude:

Ez gabiltza inongo tratu berezirik eskatzen, baizik eta datorren urtean Jaurlaritzak emango digun diru-laguntza zein izango den argitu nahian. Urteak dira horren berri maiatzerako ematen zaigula, izan ere, plangintzak egin ahal izateko ezinbestekoa dugu jakitea zenbat jasoko dugun. Gerora, horren gaineko hausnarketa egin ondoren, etorriko litzateke gure irakurketa.

Dena dela, Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak aipatzen duen elkartasuna, eskatzekotan, abiapuntu berbera dutenei eskatu behar zaie, eta ez azpiko egoeretan daudenei oraindik ere gehiago eskatu. Gure sektorea, hamarkada askotako bidea egin badu ere, ez dago oraindik normalizatuta, eta normalizatzeko finantzaketa sistema egonkorra behar du, hain zuzen ere. Bestela, sektorean aritzen diren 1.500 langileen eta 40.000 ikasleen lana eta ahalegina kolokan geratuko lirateke, gaur egungo diru-laguntza sistema kolokan omen dagoen bezalaxe.

Helduen Euskalduntze-Alfabetatzean ez dago krisirik; izan ere, ikasturte honetan ikasle kopuruan hazkundea izan da. Eta horren arrazoi bakarra ez da langabezia tasa igo izana, hainbatek, errazegi, ondorioztatu duen bezala. Urte luzetako ahaleginen ondorioa da: eskaintzaren dibertsifikazioa, langileen prestakuntza, sustapen kanpainak, euskara agirien baliokidetze prozesua... eta, dudarik gabe, herri hau euskaraz bizitzeko erakusten ari den gogoa eta borondatea. Ikasle kopuruan hazkundea izan badugu, baina, ez da gauza bera gertatu ikasturte honetako aurrekontuarekin; horrek esan nahi du dagoeneko badela lehenbiziko murrizketa, ikasleen igoeraren bestekoa, hau da, %6,7koa.

Horiek horrela, bestelako edozein murrizketak krisirik ez dagoen sektore batera zailtasun handiak ekarriko lituzke; izan ere, pentsaezina litzateke garai honetan ikasleen matrikula tasak nabarmen igo behar izatea eta doakotasunaren bidean berriro atzera egitea.

Gainera, Euskararen Aholku Batzordeak eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak behin baino gehiagotan berretsi duten bezala, Helduen Euskalduntze-Alfabetatzea sektore estrategikoa da euskararen normalizazio prozesuan. Eusko Jaurlaritzaren beraren hainbat egitasmo gauzatzeko ezinbesteko eginkizuna betetzen dugu euskaltegiok.

Egoera honen aurrean, hauxe gure eskari xumea: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Jaurlaritzak argi dezatela zein izango den datorren ikasturterako diru-laguntza politika (eta hobe, bide batez, hurrengo urteetarako politika zein izango den ere argituko balute).

Bukatzeko, argi dago krisi ekonomiko egoera honetan guztiok egin behar dugula ahalegina euskararen etorkizuna baldintzatuta egon ez dadin eta, ildo horretatik, euskaltegiok ondoen egiten duguna egiten jarraituko dugu: euskara eskolak ematen eta erabilera egitasmoak aurrera ateratzen.

Ea bide horretan Jaurlaritzaren elkartasuna eta erantzukizun maila egokiak aurkitzen ditugun.

(*) Mertxe Mugika (AEK) eta Yolanda Barberoz gain (IKA), Mertxe Luzuriaga (Deustuko Unibertsitateko Euskal Irakaslegoa), Isidro Yoldi (Batuz), Juan Carlos Murillo (Elkarlan), Marian Bidegain (Maizpide) eta Entzi Zubirik (Bai&By) ere sinatzen dute artikulu hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo