GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Jaiak hastear dira eta aurten ihesbiderako baino gogoetarako arrazoi izan behar lukete

Sanferminak, beste ezer baino lehen, zurrunbiloa dira. Jaia bere adierarik basatienean. Sanferminak festaren sinonimo dira, ez gehiago eta ez gutxiago; hiztegian «jaia» hitza bilatuz gero, sanferminetako irudi bat azaltzen da; ez New Yorkeko rave bateko argazkirik, ezta Madrilgo azken Gay-Parade-korik ere, Iruñeko karriketako egunotako argazki bat baizik. Ez, jaia ez da ez Hemingway, ezta bere liburua ere; kalea, jendartea, zurrunbiloa da jaia.

Errezeta erraza da: hartu patxarana, kulumutxua, txibi eta maionesa bokata, marianitoa, gin-tonika, txingarra tomatearekin, ardo beltza ala gorria -edo bietatik pixka bat-, porro baten zupadak -kea vuvuzelatik bota, noski-, «gatorade» pixka bat, beste kulumutxu bat eta karajillo bat, adibidez, eta sartu dena batera sabel garbi batean. Eragin burua guztiz nahastu arte. Errepikatu ahal bestetan zortzi egunez. Gero, kontatu lagunei, bestela ez du balio-eta. Errezeta, jakina, beste osagaiekin ere egin daiteke -jotak, mistela, kilikiak, ur-minerala, barrakak, txokolatea eta txurroak, zezensuzkoa...-, sanferminetan denek baitute tokia, beganoetik hasi eta gizajaleetaraino.

Egunotan Iruñean lege bakarra dago: askatasunez jokatu eta, ahal dela, zure askatasunak ez dezala ondokoarena zanpatu. Erraza dirudi, baina argi dago ez dela hala. Askatasuna kudeatzea gauza konplexua da, edonondik begiratuta ere. Are zailagoa, hainbeste osagai nahasten direnean. Nolanahi ere, kaosa antolatzen herriak lan handiak hartzen ditu urtean zehar, urteak daramatza lan horiek hartzen, eta benetan trebea da jaia antolatzen.

Horregatik da hain bitxia jaiaz tutik ez dakiten horiek, udal agintariek, askatasunari eta, ondorioz, jaiei mugak jartzen hainbeste lan hartzea. Horiek ere urteak daramatzate lan hori egiten. Alfredo Jaimerekin hasi ziren komeriak Barcinaren dramarekin amaitu dira, Chorrauten fartsa ahaztu gabe, noski. Urtetik urtera askatasunari, jaiari, beste izen batzuk jartzen ahalegindu dira: lizunkeria, finantziazioa, lasaikeria, terrorismoaren apologia... «Fiestas sí, política no» oihukatzen hasi ziren eta «ni política ni fiestas» esateko bidean doaz. Bitartean, Iruñeko herria esfortzu handia egiten dabil hori horrela izan ez dadin, festak horixe izan daitezen, festak eta, ondorioz, herrikoiak.

Halere, munduan zehar ere festa ez da sekula ihesbide hutsa, herriak bizi duenaren isla ere bada. Euskal Herriko hiriburuak bizi duena herriak bizi duenaren isla den bezalaxe: jaiak eta borroka. Agintarien aldetik jai herrikoiak debekatzeko antolatutako prozesu bat dago. Sanferminekin gertatzen ari dena ikaragarria da, baina ez dadila inor honekin itsutu, bide bera hartua baitu Bilboko Udalak, baita beste hamaika herritako udalek ere. Lan handia dago plan hau geratzen. Festetan dago lehendabiziko lubakia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo