GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Kanpotik

Erregearen erresuma

Spako gudan, bere maillot horiak ematen zion ustezko botere horrekin, bakea ezartzea agindu zuen. Arenbergekoan, aldiz, ezarritako legeak goitik behera aldatzea erabaki zuen.

Markel IRIZAR

Txirrindularia

Bazen behin, Suitzatik zetorren errege bat, bere koroaren partez hori koloreko maillota zuena. Bere erresumako jauntxo eta aberatsak ahalik eta ongien bizi ahal izateko edozer gauza egiten zuena. Horrelakoetan, langile xume eta nekazariak, galtzen irtetzen diren egoera horietan, gustura baino gusturago ibiltzen zena.

Ba Suitzako erregeak, bere pelotoi hierarkizatuan, eroritako edo matxura izandako morroiaren kategoriaren arabera, legeak era batera ala bestera erabiltzen zituen. Spako gudan, eguraldi txarrean, Saxo Bank izeneko erresumako bi printze nagusiak gudako sarraskiarekin zauriturik zeudela ikusita, beste langile, nekazari eta jauntxo guztiei, bere maillot horiak ematen zion ustezko botere horrekin, printzeak berriz ere gudako postu honetara iritsi arte, bakea ezartzea agindu zuen.

Herritar guztiek bere aginduak onartu beste erremediorik ez zuten izan, eta erregeari bere trikimailua biribil irten zitzaion.

Erregeari behin, bere printze txikiak gudatik salbatuta ikusita, ez zitzaion inporta izan bere koroa beste errege bati uztea, ezta bere erresumatik alde egitea ere. Baina hurrengo egunean Arenbergeko gudan, beste langile eta jende arruntaren kalterako, aurrekoetan ezarritako legeak goitik behera aldatu, bere erresuma berreskuratu eta, herri guztiaren aurrean, bere printze kuttuna egoera onean utzi ahal izateko langile eta nekazari guztien gainetik pasa zen. Orduan ere izan ziren kaltetu, zauritu eta minduak, baina, erregeak, bere printzearen babesa bakarrik kontuan hartuta, herri oso zapaldu zuen.

Horrela, batzuen kalterako eta besteen mesederako, Andy Schleck-i «bizitza» barkatu zioten, eta harbideko etapan beraiek, Saxo Bankeko txirrindulariek, ez zuten errukirik izan. Ikusiko dugu aurrerantzean zer gertatzen den, baina seguru ez zela denen gustuko erabakia izan Sparako bidean hartu zena.

Bitartean Hushovd-ek eta Pettachik etapa garaipenak lortu dituzte, eta batzuek eskuak jasotzen dituzten bitartean, gure txirrindulariak, erorikoen ondorioz, porru eginda daude.

Lehenbailehen osatu eta zeuen onera etor zaitezten opa dizuet, eta ziur naiz, beste etsaiek izugarrizko ejerzitoa izan arren, borrokarako prest izango zaretela berandu baino lehen. Laster iritsiko da mendia, eta han, gure abesti ezagun batek esaten duen bezala: kalera, kalera, borrokalari kalera!

Zorte on eta besarkada bero bat Austriatik!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo